Musika eta parranda: Arrasateko gau dotorenean, guztiak kalera

NereaMenor 2008ko urr. 3a, 14:14
Joan den egubakoitzeko Nobenaixoko ekitaldiek iragarri bezala, Maritxu Kajoi gurera heldu da dagoeneko. Antolaketa lanetan hilabete eman ondoren, etxafuegoak goizeko zortzietan ziren esnatzekoak arrasatearrak. Parranda, kontzertuak eta urteroko giro bikaina izango dira gaurko protagonistak.

Komisiñuek eskapularioa janztea garrantzitsua dela gogorarazi du. Ez baduzue oraindik eskapulariorik lortu, eguerdi eta arratsaldean parrokian, Arbolapetan eta Monten salduko dira euro bitan.
Aurtengo eskapularioek eraso sexisten gaia landu dute bertsoan. Gai berarekin jarraituz, gaurko, 19:00etarako, eraso sexistak salatzeko kale agerraldia deitu du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Udan zehar eraso sexistak izan direla azaldu dute: "Horietako asko jai giroan gertatu direla kontuan hartuta, eraso horiek salatu eta jaiak, kaleak eta gauak emakumeonak ere badirela" aldarrikatu nahi dute. Plazan izango da eta lelo hau erabiliko dute:   Eraso sexistei erantzun!

Maritxutan ere krisia

Pil-pilean jarraitzen duen krisi famatuak ere parte hartuko du jaietan. Jatetxeak ia beteta dauden arren, "jendeak kontu handiagoarekin egiten ditu erreserbak", diote Kanpazar jatetxetik. Menu berezi bat dute Maritxutarako: 50 eurorengatik txangurroa, oreina, zainzuriak… dastatzeko aukera dago. 12 euro gutxiagorengatik, bakailao entsalada, txuleta, sorbetea eta beste gauza asko biltzen dituen menua dute. Sara jatetxean 36 euroko menu berezia dute, langostinoz, bakailaoz, solomilloz eta abarrez osatua.

Jantziei dagokienez, Meher dendan krisia igartzen dutela azaldu digute: "Soineko asko saldu ditugu, baina traje gutxi". Gizonezkoek ohiko trajea erabiltzen dute normalean: "Baina hiru botoi dituen traje modernoago bat ere badugu". Emakumeen artean soineko beltz luzeak dira arrakastatsuenak; hala ere, "koloretsuak ere saltzen dira eta batzuek motzak erosten dituzte". Ceciagan ere krisia igarri dute: "Urte osoan zehar gutxiago saldu dugu eta bagenekien Maritxutan ere horrela izango zela". Traje beltzak eta soineko luze ilunak saltzen dituzte gehienbat: "berenjena kolorekoak adibidez, moda-modan daude". Traje osoak 100 euro inguruan saltzen dira; soinekoei dagokienez, prezio guztietakoak daude: 58 euro, batez beste.

Bazkaltzeko edo afaltzeko lekua aurkitu eta jantzi polit bat aukeratu ondoren, ilea apaintzea besterik ez da geratzen dotore-dotore egoteko. Ile-apaindegietan eskaintza bereziak egin dituzte: 33-38 eurorengatik orraztu eta makillatuko dira arrasatearrak. Gaztetxoenek kizkurtu egiten dute ilea eta ez dute askorik biltzen; gainerakoek bilduta eramatea gustuko dute. Margoei dagokienez, "oso makillatuta joatea dute gustuko", diote Gorka ile-apaindegian. Zirt Zart ile-apaindegian aurreko urteetan baino leku gehiago dutela azaldu digute: "Nahiko beteta dagoen arren, aurreko urtean baino erreserba gutxiago izan ditugu".   

Gauean kontzertuak

Gauerdian, txosnagunean, Neguri Gorriak taldearen kontzertua egongo da. Euren helburua Negu Gorriak talde mitikoaren abestiak berreskuratzea da. Bandaren  ezizen eta itxura berarekin igotzen dira agertokira. Gauean, kontzertu gehiago egongo dira Herriko plazan eta Gesalibarren.

Egitaraua

08:00: Etxafleruak.
09:30: Egun osuen bisita gidatuak atxabaltarrentzat  Kulturaten.
10:00: Harrera autopista irteeran, GPS-ak galdute etorri dien txofer frantsesei.
11:00: Errealeko jokalarixek Eroskiko baloioek firmauko dittue Atxabalpen.
17:30: Adin guztietako umiendako haur antzerkixa Auskalon eskutik.
18:30: Plazatik hasita Mondrauko kalietan ziher Dragoialde txaranga beteranue.
18:45: Herri kontsulta Seberon: ardaue gorrixa ala beltza?
19:00: Maritxuren txarangak (Oria txarangak) gure belarrixak gozaraziko dittu.
20:00: Aurreko trajien arrakasta falta dala ta, udaltzainak Armanik diseinatutako traje berrixek erakutziko dituzte.
20:30: Maritxuri lore eskaintza.
00:00: Herriko plazan Jo ta Hanka eta txosnetan Neguri Gorrien kontzertua.
03:00: Kontzertua Gesalibarren: Harrikada eta Bruce Zipriztin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak