Musakolako kiroldegiak 30 urte bete ditu

Jon Berezibar 2007ko uzt. 10a, 20:26
Gaur, uztailak 11, 30 urte dira Musakolako kiroldegia estreinatu zutela. Berez, eta kiroldegiaren aurre berdeguneko monolitoak hala dio, 1977ko ekainaren 24an inauguratzeko prest zeukaten guztia baina hoditeriarekin eta urarekin sortutako arazoen ondorioz, uztailaren 11ra arte atzeratu behar izan zuten irekiera.

Hala du gogoan sasoi hartan zinegotzi zen Bixente Azkarate Zelaitxok. Hark kontatu du Institutuaren harira egin zutela Musakolako kiroldegia: "Udaletxeak institutua egin zuen. Sasoi hartan, baina, derrigorrezko baldintza zen institutuek kirol instalazioak izatea. Hortik eta herritarren eskaerak kontuan hartuta etorri zen Musakolako kiroldegia".

1975an lursail bila joan ziren udal ordezkariak Musakolara, kiroldegiaren proiektua esku artean zutela. "Madrildar batzuenak ziren terrenoak", eta haiei erosi eta hantxe egin zuten kiroldegia. "50 milioi pezeta baino gehiago kosta zen, 54 bat edo" gogoratzen du Azkaratek, "eta den-dena ordaindu genuen Aldundiaren eta Udalaren artean".

Orduan udaleko zinegotzi zen Guillermo Azpiazu izan zen kiroldegiaren proiektuaren bultzatzaile nagusia. Kontatu digutenez, 27 bat bidaia egin zituen Madrilera Marcelino Orejarekin berba egiteko.

Lehenengo bazkide eta langileak

1977ko uztailaren 15ean inauguratu zen eta lehenengo bazkideak udalbatza osatzen zuten zinegotziak izan ziren, alkatea barne.
Langileei dagokienez, lau hasi ziren lanean eta horietako bik, gainera, oraindik ere lanean dihardute jendeari harrera egiten: Ivonne Azkunaga eta Miren Mugika.

Prezioak

Lehenengo prezioak aipagarriak dira.
Urteko abonuak:
  • 14 urtetik beherakoek, 750 pezeta
  • 14-17 urte artekoek, 1.250 pezeta
  • 18 urtetik gorakoek, 2.275 pezeta
Abonu familiarrak:
  • 18 urte baino gutxiagoko seme-alaba bat zutenek, 3.375 pezeta
  • Bi seme-alaba zituztenek, 3.625 pezeta
  • Hiru seme-alaba zituztenek 3.875 pezeta
  • Lau seme-alaba zituztenek 4.125 pezeta
Kiroldegia zabaldu zeneko lehenengo urte hartan denboraldi erdia geratzen zela-eta, abonuen erdiak ordaindu zituzten.

Arrakasta handia

Igerilekuak zuen arrakasta handien. Bergarakoa zabalik zegoen ordurako, baina Aretxabaletan eta Eskoriatzan ez zegoen ezer. Arrasaten zegoen bakarra Zerrajerakoa zen, baina hara gizonezkoak bakarrik sar zitezkeen. Ivonne Azkunagak kontatu duenez orduan ez zeuden desberdinduta gune berdea eta igerilekua eta guztia izaten zen jendez gainezka. "Behin edo behin itxi egin behar izan genuen, ez zelako beste inor kabitzen".

Baina, igerilekua ez zen arrakasta zuen zerbitzu bakarra. 1979ko memorian hauxe dago jasota: "kirol instalazioek herritarren estimazioa dute, instalazioen saturazioak erakusten duen moduan eta bestelako herrietatik izandako bisitengandik jasotako etengabeko zorion agurrek erakusten duten moduan". Urte hartan, adibidez, 1.200 bat lagun ibili ziren igerian ikasten.

Sarrerak Arrasate Irratian

Gaur, eguaztena, igerilekurako 10 sarrera zozketatuko dituzte Arrasate Irratian. Deitu 12:00ak bitartean 943 71 31 17 telefonora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak