"Monteko porra pixkanaka joan da hazten, baina azken urteetako gorakada itzela izan da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ira. 25a, 19:12
Joan den eguaztenean banatu ziren Monte tabernako porran Espainiako itzuliko sariak: guztira 22.500 euro banatu ziren. Sariak handiak badira, apustu asko daudelako da; tabernako ugazaba eta porraren antolatzaile den Juan Karlos Davilak dioenez, "beste porrek baino diru gehiago banatzen dugu saritan, gutxiago hartzen dugu guretzako". Akaso horregatik jasotzen ditu horrenbeste kiniela Monteko porrak.

Zein da Monteko porra ospetsuaren jatorria? Noiz eta nola sortu zen?
1992an egin zen lehenengoz, Enrique Alonso txirrindulari arrasatearrak Frantziako Tourrean parte hartu zuela-eta. Ordutik pixkanaka joan da hazten.  

Pixkanaka?
Bai, pixkanaka ezagutzera eman bada ere, azken urteetan izan du gorakada nabarmena; itzela izan da. Gorakada horretan zerikusi zuzena izan du webgunea jarri izanak [www.amasg.com], horrela jende askok apustua egiteko aukera izan du tabernara etorri barik. Adibidez, Espainiako itzulirako 200 apustu internet bidez jaso ditugu. Webguneak, beraz, arrakasta handia izan du.
Zergatik uste duzu dela Monteko porra Euskal Herriko ezagunenetarikoa?
Banatzen dugun diru kopuruagatik; beste porrek baino diru gehiago banatzen dugu saritan. Gu %2'5arekin geratzen gara, gutxi gorabehera. Hau da, porra antolatzeko beharrezkoa zaigun dirua, besterik ez. Sari potoloak dira [Espainiako itzuliko irabazleak 9.000 euro eroan ditu] eta horrek jende asko erakartzen du.

Sariak handiak izateko apustu asko egon behar...
Urtez urte gero eta parte hartzaile gehiago izaten dugu. Errekorra aurtengo Tourrean gainditu dugu, guztira 1.074 apustu jaso dira-eta. Gainera, hainbat toki ezberdinetatik ailegatzen dira kinielak. Euskal Herrian Bizkaia aldetik batez ere, eta Estatu mailan, Malaga, Madril eta Valentzia aldetik ere heltzen dira. Gainera, lana dela-eta hona etorri zen Txekiar Errepublikako txirrindularitza zale batek ere egiten du apustua.

Aurreikusten duzue berritasunik datorren urtera begira?
Bai, azken urtean izan ditugun berdinketa kopuru altua ikusita, hori nola ekidin ari gara pentsatzen. Aukera bat da bigarren etapatik aurrera sailkapen orokorrak ere puntuatzea. Oraindik zer egin pentsatzen ari gara.

Zerbait gaineratzerik nahi?
Eskerrak ematea parte hartzaile guztiei eta porra hau aurrera eroaten lagundu diguzuenoi.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak