Mondraren futbol eskolei ekingo diete gaur

Mirian Biteri 2008ko urr. 6a, 13:25
Futbola maite duten neska-mutikoak ilusioz beteta joango dira gaur Mojategira. Mondrak antolatzen duen futbol eskola gaztearen bigarren edizioak gaur du lehen hitzordua. 8 eta 10 urte bitartekoek har dezakete parte. Iaz arrakasta borobila izan zen; gaztetxoen portzentaje altu batek Mondran amaitu zuen.

Eskolak, esan bezala, gaur hasiko dira Mojategiko futbol zelaian, 17:00etan.  1998. 1999. eta 2000. urteetan jaiotako neska-mutikoek har dezakete parte ekimen interesgarri honetan.

Iaz bezala, Alberto Perez izango da gaztetxoenei futbolaren hastapenak erakutsiko dizkiena. Izan ere, hastapenetan hartzen diren ohiturak baitira garrantzitsuenak. Hala, neska mutiko bakoitzaren trebetasunean zentratu baino, Perezek futbolaren oinarrizko lezioak irakatsiko dizkie haurrei, hau da, diziplina, errespetua eta adiskidetasuna.

Iaz 50 bat neska mutiko

Mondraren historian iaz  jarri zen martxan lehen aldiz ekimen hau. Eta lehen aldia izan bazen ere, ezin arrakastatsuagoa izan zen; 50 bat neska mutiko aurkeztu ziren.

Parte hartze altuan izango zuen eragina Mojategi futbol zelai berriak. Futbolean lehen urratsak emateko ez baita gauza bera Mojategiko zelai artifizialean jokatzea edo aintzinako Atxabalpeko hondarrean egitea.

Bertan aurkeztu, besterik ez

Mondraren eskola gaztean partehartzea sinplea da oso, nahikoa da gaur 17:00etan Mojategin aurkeztea. Entrenamendu baten antzera, hasiberriek futbolaren teknika ikasteko ariketak egingo dituzte batez ere; hala nola, baloiarekin trebatzeko ariketak eta futbol partidu laburra.

Mondran sartzeko aukera

Gaztetxoenei kirol elkarte bat eta futbola zer den irakastea dira ekimen honen helburu nagusiak. Baina, noski, bide batez, Mondraren harrobia sendotzeko ere balioko du. Iaz, adibidez, aurkeztu ziren neskekin kadete taldea egin zuten, eta egun senior mailako jokalari Maitane Gallastegik zuzentzen du taldea. Mutilei dagokienez, bestalde, portzentaje altua pasatzen da Mondraren alebin taldera. Gaztetxoenek soberan dute ilusioa, baina Mondran amaitzeko aukera dutenez, urduritasuna ere presente izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak