"Memoria historiko barik oso manipulagarriak gara etsaien aurrean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko api. 29a, 17:05
Arrasatek hiri gutuna jaso zuela 750 urte bete direla-eta Udalak antolatu duen hitzaldi zikloko bigarren saioa egin zen atzo bilkuren aretoan: '1200. Lurraldetasunaren galera'. Aitzol Altuna (Galdakao, 1971) izan zen hizlaria; besteak beste, euskaldunok "ezer baino lehen" nafarrak garela ahaztu dugula dio.

Nola joan da hitzaldia?
Ondo, espero baino hobeto. 50 bat lagun bildu dira eta azalpenak arretaz jarraitu dituzte; interesgarria izan da. Hitzaldiaren osteko eztabaida larregi luzatu da, ikusle batek bere diskurtso propioa bota duelako. Baina halakoak ohikoak dira.

Nafarrak garela ahaztu dugula aipatu duzu. Zergatik?
Kolonizazio ez da fisikoa bakarrik izan, psikologikoa ere izan da. Ekinaren ekinez lortu dute, esaterako, gure hizkuntza hainbat esparrutan desagertzea. Gure nafartasun izaeraren kontra egin dute, eta neurri baten lortu dute, askok uste dute-eta nondik gatozen.
Ni euskalduna naiz eta hori nire gurasoei zor diet. Baina orain hamar urte konturatu nintzen euskalduna izatea Nafarroari zor niola, duela 800 urte inguru estatu bat ginelako. Estatu horretatik, hain justu, mantentzen dugu euskaldun izaera.

Hitzaldian jakitera eman dituzun hainbat datu ezezagunak ziren askorendako. Ez dugu gure historia ezagutzen, ala?
Hala da, ez dugu gure iragana ezagutzen. Oso herri zaharra gara eta badirudi sortu berri den herria garela, ez dugulako memoria historikorik. Gure historia berreskuratzea oso garrantzitsua da, memoria historiko barik oso manipulagarriak gara-eta etsaien aurrean. Etsaiak baditugu, eta oso handiak, gainera.

Arrasatek hiri gutuna jaso zueneko 750. urteurrena ospatzearen kontrakoa zara, beraz.
Garai hartan Gaztela hiribilduak sortzen hasi zen Nafarroako erreinuko erasoei aurre egiteko, hau da, gaztelauen defentsa lineak sortzeko. Hau da, gure kontra sortutako hiribilduak dira. Beraz, urteurrena ospatzeak ez du zentzurik.

Ospatu ez, baina ezta ahaztu ere, hortaz. Zer deritzozu halako ekimenak antolatzeari?
Oso ondo deritzot, eta horregatik Udala zoriondu gura dut. Duela 750 urte bihurtu ginen hiribildu, baina gure interesen aurka izan zen. Eta hori gogora ekartzea oso positiboa da. Noski, ez da nahikoa; gure historia txikitatik irakatsi behar digute, eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak