Mekanikalaneko hainbat langilek protesta egingo dute eguerdian, besteak beste, zor dieten soldatak eskuratu gura dituzte

Ubane Madera 2009ko urr. 23a, 12:35
Mekanikalan Mondragon enpresako hainbat langilek kale agerraldia egingo dutelako enpresaren ugazabaren etxe aurrean, Arrasateko Maiatzaren 1a plazan. 12:00etan egin dute hitzordua, 13:00ak arte. Besteak beste, kobratu barik dutena kobratu gura dute. Enpresako ugazabak onartu egin du zorrak dituela, eta azaldu du likideaziarik ez duela, eta azken hilabeteotan "lana zero" dutela enpresan. Baina aurrera segitzeko asmoa ere erakutsi du.

Mekanikalan enpresako langile horiek hainbat gertakari salatu gura dituzte. Besteak beste, maiatzaz geroztik, Mekanikalan lan erregulazio espedientean sartu zenetik, euretako batzuk lanera joan arren bost hilabete kobratu barik dituztela, eta beste batzuei, berriz, bost hilabete ez, baina bizpahiru ez dietela pagatu. Hori horrela, Gasteizko auzitegi probintzialean aurkeztuta dute salaketa ordezkari sindikalek.

Enpresak ez die ordaindu "gura"

Gainera, lan erregulazio espedientea azaroaren 1ean bukatuko da eta horrek esan gura du azaroaren 2an lantalde osoari lanera bueltatzea tokatuko litzaiokeela, baina aldiz, fabrikan lanik ez dutela salatu dute ordezkari sindikalek.

Salatu dute, baita ere, “ia seguru” daudela enpresak ez dietela ordaindu gura, ez dute ulertzen-eta 36 urteko ibilbidea daukan enpresa batek ez izatea diru soberakinik halako egoerei aurre egiteko. Eta ugazabari eskatu gura diote lanik eta dirurik ez badu ez deitzeko langileak lanera, joanez gero, langabezia kobratu ezinda geratzen direlako, beraz, inolako diru-sarrera barik. 

Likideziarik ez eta "lana zero"

Enpresako ugazabak, Mikel Alberdik berriz, beste modu batean ikusten du egoera. Hark emandako datuen arabera, iaz 2 milioi euro pasa fakturatzetik, aurten 800.000 euro inguru fakturatzera pasa da enpresa eta gainera enpresak kobratzeke ditu hainbat lan.

“Lana zero” dutela ere kontatu du. Alberdik salatu duenez, maiatzean Lan Erregulazio Espedientea sinatzeaz bat komunikabideetara jo zuten CCOOko ordezkariek eta horrek publizitate txarra ekarri zion enpresari eta ondorioz, “lan eskaera gutxiago” ere bai.

Kontatu du bizpahiru hilean, langileak fabrika pintatu eta garbitzen ibili direla langileak, eta hilabete horiek bai “kobratu dituztela”, enpresak produkziorik izan ez duen arren.

Guztia inbertituta

CCOO sindikatuak salatu duen soberakin ezaren gainean, berriz, Alberdik jakinarazi gura izan du “irabazitako dena inbertitu” egin dutela urteotan. Eta adierazi du, baita ere, 90eko hamarkadako krisiak ere gogor jo zuela. Hala, gaineratu du orain momentuan ez duela “likidezik” zorretan dituen soldatak ordaindu ahal izateko; baina, era berean, adierazi du, langileek Fogasatik (soldaten garantia fondoa) kobratu ahal izango dituztela zor horiek.

Onartu du enpresa Lege Konkurtsalean sartuta dagoela, baina dio oraindik ez dutela administratzailerik izendatu, beraz, momentuz ezer gutxi egin ahal izango dutela.

Enpresarekin segitu gura

Hori bai, azpimarratu gura izan du bere asmoa dela enpresarekin aurrera segitzea; zaila izango dela, euren lan alor berean dihardutenen “%99 egoera larrian” daudela kontuan hartuta. Eta era berean onartu du Mekanikalan enpresan “pertsona piloa” soberan egongo direla, baina aurrera segitzeko asmoa duela berretsi egin du.   

Mekanikalan Mondragon enpresak 40 langile inguruko lan-taldea dauka. 1973an sortu zuten, Arrasaten, Mecanizados Alberdi izenarekin. 1984an, berriz, Legutiora eraman zuten, gaur egungo tokira. Izenak esaten duen moduan, mekanizatuak egin eta piezak muntatzen dituzte. 1999, 2000 eta 2002 urteetan ISO kalitate ziurtagiriak eskuratu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak