Maria Galindo: "Burokrazia berantiarrari esker gure gizarteetan emakumeak erailtzen dira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 30a, 17:12

Emakume Txokoak ekarrita, Arrasaten izango da datorren eguenean, azaroak 5, egun borroka feministaren ikonoetako bat den Maria Galindo (La Paz, 1963). Mujeres Creando talde feministaren sortzaile, genero-indarkeriaren inguruan eztabaida "interesgarria" piztu gura du Galindok. Horretarako 'Amazonas, Mujeres indomables' zuzendu duen dokumentala izango du abiaburu.

Genero-indarkeria da Amazonas, Mujeres indomables dokumentalak hizpide duen gaia. Zein da dokumentalarekin sortu gura duzun eztabaida?
Guk uste dugu genero-indarkeria mugimendu feministatik desjabetu egin dutela, bai Espainian zein Latinoamerikan. Hau guztia ondo pentsatutako estrategia baten emaitza izan da, eta estrategia horrek feminismoa desmobilizatu du, mugimenduak berak lortuak zituen estrategien aurka eginez. Bestalde, baina, genero-indarkeria feminismotik desjabetu eta poliziaren, gobernuen eta klase politikoaren eskuetan utzi dute.
Hala, hierarkian oinarritutako esku-hartzeak sortu dira, indarkeria egunero bizi duen emakumearen sentimenduendako erabat arrotzak direnak.

Zein da, bada, feminismoak jasan duen desjabetze horrek eragin duen egoera?
Genero-indarkeriari aurre egiteko, elkartzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko genituen estrategiak erailak daude; Estatu eta gobernuek erailak, hain zuzen.
Gainera, beste estrategia burokratiko baten aurrean ere bagaude, erabat alferrikakoa dena. Hortaz, Amazonas Mujeres Indomables-en kritika bikoitza egiten dugu: gure jardunaren erailketa salatzea eta egun indarrean dagoen eraginik gabeko burokraziarekiko desadostasuna azaltzea.

Eta kritika hori egiteko emakume batzuen kasuak hartu zenituen abiapuntu.
Hala da. Sistema judiziala ezbaian jarriz modu eraginkorrean genero indarkeriaren aurka egiten duten emakume batzuen esperientzia kontatzen da.

Modu eraginkorra?
Lehenik eta behin, gizonaren indarkeriaren biktima izan den emakumea babestu behar da, haren egoera bertsuan, hots, haren unibertso kultural eta ideologikoan, bizi diren emakumeen eskutik. Ez funtzionariorik, ez gizarte-langilerik: biktimarekin enpatia prozesu bat izan ostean, biktimak dioena eta sentitzen duena ulertuko duen emakume batek emango dio babesa. Izan ere, genero indarkeria jasan duen emakumea polizia, gizarte-langile, abokatu edo epailearen aurrean jartzen denean, askotan erabat arrotza zaion hizkuntza baten aurrean aurkitzen du. Hala, babestu behar duenak ez du ulertzen biktima zer ari den bizitzen.

Bat-bateko esku-hartze zuzenaren defendatzailea zara. Azaldu iezaguzu zer den.
Genero indarkeriak despolitizatze prozesu bat behar du. Biktimak ulertzen dioten emakumeen beharra du, eta hala bermatuko da bat-bateko esku-hartzea. Genero indarkeria urgentziazko gaia da, ezin da biharko utzi edo edozein formulario bete ostera arte itxaron.
Burokrazia berantiar horri esker Espainiako eta Latinoamerikako gizarte guztietan emakumeen erailketak ari gara bizitzen. Esku-hartze zuzena eta bat-batekoa da praktikan genero indarkeria kasuak ekiditen dituena. Eta noski, gure apustua.

Despolitizatze-prozesua aipatu duzu. Zergatik uste duzu, bada, genero indarkeria gai politikoa dela?
Emakumeak indarkeria gainditu ezin duen irudia, bitartekarien –abokatu, polizia...– beharra duela... eta halako pentsaerek Estatuaren axolagabekeria arrazoitzen dute, eta haren nortasun patriarkala goretsi. 

Azaroaren 25ean izango da Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Zein iritzi duzu egun horretaz?
Erabat instituzionalizatuta dagoen eguna da. Ez dugu diskurtsorik behar, ekimen berriak errekuperatzea baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak