Larrialdian dauden guztiei laguntzen segitu edo ez hausnartzen

Ubane Madera 2010ko urr. 25a, 10:43
Urtea bukatzerako Udalak 450.000 euro inguru gastatuko ditu larrialdi egoeran dauden herritarrak laguntzen. Jaurlaritzari dagokio laguntza horiek finantzatzea, baina aurten gastuaren erdia ere ez du kubrituko. Horretxegatik Udala hausnarketa egiten dabil, ea datorren urtean ere, orain arte moduan jokatuko duen erabakitzeko; hau da, herritarren %100 babesten.

Momentuz, 424.988 euro gastatu ditu dagoeneko, eta beste 280.673 euroko gastua hitzartuta dauka urte amaierara arte. Izan ere, larrialdi egoeran dauden 220 herritar babesten ditu Arrasateko Udalak gaur egun.  

Pentsiodun asko

Gaur egun, 220 herritar daude Arrasaten larrialdi egoeran, edo behintzat, 220 lagunen eskaerak onartuta dituzte Gizarte Zerbitzuetan. "Denetik dago: adibidez, pentsio sistema aldaketarekin, pentsiodun askok jasotzen dituzte mantenu gastuak, familiak ere badaude, pertsona bakarrak, gazteak…" kontatu du Iñigo Garitanok, Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saileko teknikari-buruak. Izan ere, edozeinek eska ditzake laguntzok. Eta urteko edozein momentutan.

Erdira ere ez da iristen

Arrasateko Udalak azken urteotan izan duen joera zera izan da: beharrak dituzten herritar guztiak babestea, %100ean. Berez, zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatu beharko luke, baina ez da horrela; eta adibidez, Arrasateko Udalak orain  gastatu behar dituen 450.000 euroetatik, Eusko Jaurlaritzak bakarrik 219.427 euro bueltatuko dizkio Udalari.

Derrigortasunik ez

Gauzak horrela, "datorren urteari begira hausnarketa egiten dabiltza Udalean, "irizpide berarekin segitu edo ez" erabakitzeko. Hau da, orain arte moduan, laguntza eskaera guztiak onartzen jarraituko duen edo ez erabaki behar dute. Izan ere, legez, Udalak ez du derrigor larrialdi egoeran dauden herritarrak %100ean lagundu behar.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak