Kurtzetxikiko parkearen egitasmoa aurrera doa

Ubane Madera 2009ko mai. 4a, 12:38
Gabon ostean atera zituzten Kurtzetxikiko pinuak. Orain haien adarrak batzea falta da. Behin hori eginda, Kurtetxikik dituen 60 hektareak gertu daude Udalak gura duena gauzatzeko. Eta hiru dira Kurtzetxikin egin gura dituzten ekimenak: parke peri-urbanoa, basoa birsortu eta larre-guneak antolatu.

Peri-urbano berbak esaten duen moduan, herritik gertu, baina era berean, herriaren kanpoko aldean, periferian dagoen parkea da egokitu gura dutena: "Ingurua desnaturalizatu gabe, erraztu gura dugu harako bidea. Horretarako ibilbideak antolatu eta seinalezta daitezke. Eta baita ere, inguruari daukan balioa atera: balore etnografiko, kulturala, paisajistiko, botaniko eta bestelakoa txangozalearen eskuetan ipini", azaldu du Pello Garaik, Ingurumen Saileko teknikariak.

Kurtzetxikiren balioak

Balioen adibideak ere ipini ditu udal teknikariak: "Adibidez, badauka elurzulo bat. Edo Kurtzetxikira igotzeko modu bat Bedoña auzoa da; han dago, Santa Eulalia ermita eta horrek ere badu bere balioa; hortik pasatzen da, baita ere erromes bidea edo Urkulu eta Arantzazurako bideen gurutze-bidea. Horrez gain, Kurtzetxikik dauka Arrasateko bistarik esanguratsuenetakoa, oso ondo ikusten dira-eta Arrasateko errekek sortzen dituzten arroak eta herriak duen i greko itxura. Herriaren arkitektura ere oso ondo ikusten da. Eta balore botanikoa ere badu".

Artadi kantauriarra

Hain justu ere, azken horren harira eta udal teknikariak esandakoaren arabera, Kurtzetxikin bada balio botaniko handia duen artadi kantauriarra. "Arrasaten Udalatxen Murun eta Kurtzetxikin bakarrik dago halako artadia eta Euskal Herrian balio handia dauka artadi horrek". Orain arte pinuek ez diote utzi handitzen artadi horri; orain, berriz, Udalaren etorkizuneko asmoetako bat da artadiari handitzen laguntzea, basoa birsor dadin. 

Larre-guneak

Bukatzeko, baserritarrendako larre-guneak ere egokitu gura ditu Udalak Kurtzetxikiko lursailetan, "hainbat baserritarrek egin dute-eta larre-guneetarako eskaera", azaldu du udal teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak