XXI. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketa (AEDk urtero Nobel Sariduna euskaratzeko ematen duena) erabaki berri da. Idoia Gilleneak, Aiora Jakak eta Alberto Martinez de la Cuadrak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Koro Navarroren lana saritzea erabaki zuen. Berak jasoko du Kutxak eskainitako 5.500 euroko saria, eta laguntza honekin jardungo du hemendik udazken hasiera bitartean, liburua 2008ko Durangoko Azokarako prest edukitzeko. Doris Lessing, Iranen jaio eta Zimbabwen hazitako idazle britainiarraren lehen eleberria euskaraz irakurri ahal izango da horrela, Elkar argitaletxearen eskutik: The grass is singing (Belarra kantari), Afrikako zenbait herrialdetako arrazismoa eta emakumearen zapalketa-egoera erakusten dituen obra, besteak beste.