Jazz erritmoen kutsua ahaztu barik, musika ikusleari helarazten jakin zuen Iñaki Salvadorrek

Miren Arregi Amasorrain 2009ko ots. 1a, 22:19
Jazzak eskaintzen dituen aukera anitzez baliatuz eta gertutasunez, ikuskizun borobila aurkeztu zuen Salvadorrek zapatuan Arrasateko Amaia Antzokian

Egile kantak jazz erritmoan. Hori  da zapatuan, Arrasateko Amaia Antzokian Iñaki Salvador piano jotzaileak eskaini zuen kontzertuaren izenburua. Izenburuaren esanahia, kontzertua hasi eta berehala ulertu zuten ikusleek, izan ere, autore ezagunen abestiak jazz erritmora egokitu eta horiek interpretatzean oinarritu zen saioa. Salvadorrek, musikari talde ederra izan zuen lagun agertokian; kontrabaxuak, bateriak, ahotsak eta bi aktoreren interpretazioak osatu zuten-eta musika taldea. 

Abenduan zendu zen euskal bakarlari ospetsuenetarikoaren musikarekin hasi zuten emanaldia; baga-biga eta Izarren hautsa bezalako abestien doinuek, Mikel Laboak Amaia Antzokira gerturatu zen herritarren bihotzetan toki bat egitea lortu zuten horrela, eta horrek, hasieratik ikusleak agertokian zegoen taldearekin bat egitea ekarri zuen.
poesia, dantza eta musika

Musika, baina, ez zen izan kontzertuko protagonista bakarra, izan ere, poesiak eta antzerkiak ere egin zuten euren tokia, nahiz eta bigarren maila batetan izan, eta askotan, gainera, aktoreen paperak zentzua galtzen zuelako sentsazioa helarazten zen. Musikarekin hasi eta doinu edo letra bakoitzak adierazten zuenari poesia eta dantza ipintzeaz arduratu ziren hala, Ana Pimienta eta Asier Hernandez aktoreak.
musika ulergarri eginaz

Intimista eta hein handi baten malenkoniatsua ere izan zen kontzertua. Gizarteko gaiekiko konpromisoa ere erakutsi zuten Salvadorrek eta haren taldekoek, abestien aukeraketak eta letrek alderdi hori argi nabarmendu zutelarik.

Jazz erritmoek askotan entzulearengana iristeko duten zailtasun hori, baina, ez zen nagusitu aretoan, izan ere, jazza ulergarri eta hurbileko egin zuen Salvadorrek, abesti ezagunen interpretazioarekin. Hala ere, ez zuen jazz erritmoaren konplexutasuna inolaz ere alde batera utzi, eta agian hori izan zen kontzertuari nortasuna eman ziona. Giro goxoa, lagunartekoa, sortu zen Antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak