Iturbideko greba: Babes politiko nahikoa izan arren, "baloratzen" segitzen du Gobernuak

Jon Berezibar 2009ko api. 2a, 12:05
Izan ere, Gobernuak ez du azpikontratatuen babesik gabeko alternatibarik hartzerik gura. Bestalde, ESK-k, EB-Zutik-ek eta Aralarrek parekatzea eskatu eta EA eta PPk eskuzabaltzat jo dute Gobernuaren eskaintza. Grebak bitartean, bere horretan jarraitzen du eta gaur goizean bertan grebalariek egin dute deia azalpenak emateko.

Atzo, eguaztena, agertzen lehenak ESK sindikatuko ordezkariak izan dira grebalariei babes osoa emateko. Adierazi zutenez, bazterketa bikoitza jasan beharra dute Untza enpresako langileek. Batetik, Udalak azpikontrataturiko langile izanda "behin-behineko bihurtuz, berekin dakarrelako diskriminazioa udal langileekin alderatuz". Bestetik, ingurumari orokorrago baten kokatzen dute bigarren bazterketa, hau da, genero-diskriminazioa ere badagoela "lan feminizatuetan emakumeek pairatzen duten ezegonkortasuna" dela-eta.
Ildo beretik eta Udala eta grebalariak akordio batera iristeko  "ahalegina egin" dezaten eskatzeko elkarrekin egin zuten agerraldia atzo Ezker Batua-Zutik koalizioko eta Aralarreko  zinegotziek. Eurentzat soldata nahiz baldintzen parekatzea "bidezkoena" dela argitu zuen Joseba Ugaldek (EB)  baina auzia bukatzeko "bitarteko akordio" bat babestuko luketela zehaztuz, "egoiliarrek sufritzen dute-eta gatazka gehien". Egoiliarren begira, hain zuzen, berresten dute baldintzen parekatze batek lekarkeela ere zerbitzuaren beraren hobetzea. Gauzak horrela, EB-Zutik eta Aralarren eskaera da "agintaldiaren bukaeran lan berdina egiten dutenei ordainsari berdina ordain diezaietela" eta helburu horrekin aurtengo aurrekontuen plenoan emendakina aurkeztu zuen EB-Zutik taldeak. Sozialistek ere babesa eman zioten emendakin horri.

Zuzendaritza batzordea

Astelehenean izan zen Iturbide Egoitzako azkeneko zuzendaritza batzarra zeinean Udaleko alderdi politiko bakoitzak ordezkari bana daukan. Hari egiten dio erreferentzia Ino Galparsoro alkateak euren jarrera azaltzerako orduan, alderdiekin elkarrizketan segitzen duela argitzen du-eta. Gehitzen duenez, eurek "ere gurako" lukete adostasun batera heldu baina "langileek parekatzea ez besterik gura" dutela. Zuzendaritza Batzordeak hartu beharko du dagokion unean erabakia eta dagoeneko alderdien babes nahikoa ere badutela argitzen du Galparsorok. 4 urtetan %30,65eko igoera da udal taldearen eskaintza , soldatari dagokionez, baina babes nahikoa izan arren alkateak insistitzen du ezin dela aurrea eraman langileen babesa ez duen alternatiba. "Baloratzen" dabiltza hortaz, EAJren taldea bezala. Luis Mari Apraitzek azaldu duenez, txosten juridikoa eskatu diote Udalari euren jarrera zehazte aldera.

 

Eskaintza "eskuzabala".

Alderdi Popularreko Itziar Lamarainek egoki baino "eskuzabal" deritzo gobernuaren eskaintzari eta uste berekoa da EAko ordezkari Peio Urizar. Lamarain, grebalarien argudioek konbentzitu ez eta gainera, are gehiago, Untzakoen baldintzen txarrespena ukatzen du. "Udaleko 3 langileek, plaza oposaketan eskuratuta, 25 urte daroate han lanean" dio Lamarainek. Azken gogoeta batekin ixten du haren iritzia zera proposatuz: "Lan eskaintza publikoa dei daiteke baina azpìkontratatuek jakin dezatela aukera horrela edonori zabalduko zaiola". Urizarrek, hala ere, Lamarainek ez bezala, ondo ikusten du eskaintza publikoa deitzea 4 urte barru eta oraingo langileei oposaketara aurkezteko laguntza ematea (euskara eskolekin, esateko). Garai hauetan lanpostuei eusteko ahalegina behar dela dio Eusko Alkartasunakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak