Istripu simulazio ikusgarria Olandixoko tuneleko iparraldeko ahoan

Asier Alkorta 2010ko eka. 23a, 16:50
Arrasateko Olandixoko tunela oraindik ez dute zabaldu, baina gaur istripu simulazioa egin dute. Horrelako kasuetan parte hartu behar duten erakunde guztien arteko koordinazioa bideratzeko egin da simulazioa eta Biktima Ugari dituen Istripuetarako Plana jarri dute martxan.

Bi autoren eta autobus baten arteko talka simulatu dute eta auto barruan harrapatuta gelditutako bi pertsona nola atera erakutsi dute.

Biktima ugaridun istripua simulatu gura izan dute, zorionez gurean horrelakoak ez direlako hain ohikoak, baina prest  egon gura dutelako gerta daitekeenerako; gaurkoa entrenamendu moduko bat izan da eta, bide batez, halako kasuetarako tunelak eskaintzen dituen bitartekoak proban jartzeko aprobetxatu dute aukera. Erakunde ugarik hartu dute parte, adibidez, eta osasun arloari dagokionez, parte hartu dute Oñatiko eta Elgoibarko medikalizatutako bi anbulantziak, Arrasate, Bergara, Legutixo eta Eibarko beste lauk, helikoptero medikalizatu batek, eta besteak beste, Arrasateko ospitaleak. Horiez gain, tartean izan dira Gipuzkoako suhiltzaileak ere.

Ipolito Poza simulazioko suhiltzaile taldearen koordinatzailearen esanetan simulazioa orokorrean ondo irten da, baina hobetu daitezkeen puntu batzuk ere izan dira. Horiek beraz, hurrengo baterako kontuan hartu beharko dituzte.

Tunela laster zabalduko dute eta egindako ikerketek adierazi dute hasiera batean egunean 7.000 ibilgailu pasatuko direla tuneletik, eta urteak aurrera joan ahala, egunean 10.000 edo 12.000 ibilgailu ibiliko direla espero dute. Azpiegitura honek arnasa emango dio Arrasateko mendebaldeari, Aramaio, Garagartza eta zonalde horretako enpresetatik datozen autoak Arrasate eta Aretxabaleta arteko saihesbidera bideratuko dituelako zuzenean, herri barrutik igarotzeko beharrik gabe; gauza bera, kontrako noranzkoan doazenen kasuan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak