Aurrekontuaren kontra argi azaldu ziren hasieratik alderdi sozialista eta alderdi popularra. Sozialistak, adibidez, kontra daude, batetik, ETAko senideek jasotzen duten laguntza Gizarte Zerbitzuetatik pasatu barik banatzen dutelako, zuzenean, eta beraz, sozialisten ustez ez delako “solidarioa” beste laguntza eskaera batzuekiko.
Udal Gobernuaren kudeaketarekin ere ez daude ados sozialistak. Diote Gobernu honek ez duela proiektu berririk egin, ez duela iniziatibarik, eta egin diren proiektu handienak Espainiako E Planari esker egin direla. Horrez gainera, azpimarratu zuen beharra ere badagoela Arrasateko fatxadak garbitzeko eta hori ez duela jaso Gobernuaren aurrekontuak.
PPko Itziar Lamarain ordezkariak ere azaldu zuen desadostasuna presoen senideek jasotzen duten laguntzarekiko.
EAJk kritika zorrotza
Eta Euzko Alderdi Jeltzaleari dagokionez, sei puntutan kritika zorrotza egin zion aurrekontu proposamenari. Hasteko, adierazi zuen “penagarria dela aurrekontu publikoak lantzerakoan alderdien artean eztabaidatu eta negoziatu ahal izateko izandako parte-hartzerik eza eta denborarik eza”.
Horrekin batera, azpimarratu zuen Udalaren zorra ia bikoiztu egin dela, gastu arrunta ez dela murriztu, proposatutako inbertsioak ez daudela justifikatuta, krisiaren kontrako planik ez duela Gobernuak, Diputazioari 3,3 milioi euro zor dizkiola eta, oro har, Udalaren diru-sarreretan “murrizketa nabarmena” gertatu dela.
EA eta Aralar, alde
Alde bozkatu zutenen artean, berriz, Eusko Alkartasunak argi iragarri zuen aldez aurretik aldeko botoa emango zuela, baina Aralar, adibidez, abstentzioaren eta aldeko botoaren artean zalantzan ibili zen azken unera arte, eta ez zegoen batere argi.
"Esfortzu" handia
Hala, Pello Urizarrek, Eusko Alkartasuneko zinegotziak azpimarratu zuen Gobernuak esfortzu handia egin duela gastua txikitzeko. Eta gaineratu zuen gaur egungo krisi egoeran horren beharrezkoak diren gizarte gaien inguruko laguntzak bermatuta geratu direla aurrekontuetan eta mugikortasun publikoa indartzearen aldeko apustu garbia egin dutela.
Euskara Biziberritzeko Planik ez
Aralarrek, berriz, azaldu zuen “ados” daudela inbertsio nagusiekin eta, adibidez, gastu soziala mantentzeko asmoarekin. Baina horrekin batera, jakinarazi zuen beste bi konturekin ez daudela ados: Euskara Biziberritzeko Plana ez abiaraztearekin eta Iturbideko langileen egoerarekin.
Zortzi emendakinetatik lau onartuta
Bestalde, esandako moduan, Alternatiba-Zutik koalizioak abstentziora jo zuen. Zortzi emendakin aurkeztu zizkioten aurrekontu proposamenari, eta horietatik lau onartu egin zituen udalbatzak; koalizio ezkertiarraren esanetan, gai garrantzitsuak dira onartu zituztenak, eta hori ikusita erabaki zuen ez zuela kontra bozkatuko; hori horrela, abstenitu egin ziren hiru zinegotziak.
Alternatiba-Zutik koalizioari onartu zizkioten emendakinak honako hauek dira: etxez etxeko laguntza zerbitzua eguneko 5 ordura igotzea; adineko pertsonendako eta beharrak dituztenendako etxez etxeko janari-banaketa zerbitzua abiaraztea; herritarren parte-hartzea bultzatzeko diagnostikoa eta plana abiaraztea; eta Iturbide egoitzako langile-kopurua zerbitzuaren beharrei egokitzea.
Eskerrak
Bukatzeko, aurrekontuaren emaitza esku artean, Ino Galparsoro alkateak azpimarratu egin gura izan zuen “buelta asko” eman ostean prestatutako aurrekontua dela aurtengoa. Jakinarazi zuen irailean hasi zirela proiektua lantzen eta hiru arazo nagusiri aurre egin behar izan dietela: diru-sarrerak nabarmen txikitu izana, egoera sozioekonomikoari aurre egin beharra eta Udalek euren jardunerako horren beharrezkoa duten udal legerik ez izatea.
Horrez gainera, “eskerrak” eman zizkien udal langileei aurrekontuak lantzeko egin duten “esfortzuarengatik”. Eta nabarmendu zuen, besteak beste, “herri honen lehentasunezko beharrei gutxienean erantzun ahal izateko” aurrekontuak direla.