Irailaren 24an 'Ubuntu Install party'a egingo dute Gazte bulegoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ira. 18a, 18:09
Arrasateko Gazte informazio bulegoak aurrera darrai herriko gazteei denetariko ekimen eta ikastaroak eskaintzeko xede irmoarekin. Oraingoan, teknologia berriei heldu diete, gazteengan interes eta jakin-min handia pizten duen gaia, hain justu. Irailaren 24an Ubuntu sistema eragilea instalatzeko zita egingo dute Gazte bulegoan, 18:00etatik 20:00etara.

Arrasateko Gazte informazio bulegoak aurrera darrai herriko gazteei denetariko ekimen eta ikastaroak eskaintzeko xede irmoarekin. Oraingoan, teknologia berriei heldu diete, gazteengan interes eta jakin-min handia pizten duen gaia, hain justu.
Software librea hartu dute abiaburu moduan eta datorren eguenean bertan egin dute zita: Ubuntu Install partya egingo dute. Gaia arrotza zaionarendako, honakoa, bi hitzetan, irailaren 24ko hitzorduaren helburua: norberaren ordenagailu eramangarria Gazte bulegora eroan eta bertan Ubuntu sistema eragilea instalatzea. Gazte bulegoak iragarri duenez: "ekarri zure ordenadorea eta libreago eroango duzu".

Software librea oinarri
Ubuntu sistema eragileak software librea du oinarri, hots, lizentzia askeko programak erabiltzen ditu. Eta filosofia horren defendatzaileak dira: jendeak sortua, jendearendako. Horren harira,  dio Dorleta Kortazar Gazte bulegoko teknikariak, "ordenagailuen erabiltzaileen ehuneko handi batek lizentziadun programak erabiltzen ditu". Kortazarrek gaineratu duenez, lizentzia askeko programak, "doakoak izateaz gain azkarragoak eta seguruagoak dira". Hau da, dio Gazte informazio bulegoko teknikariak, "Excel, Outlook edo Explorer moduko aplikazioak erabili beharrean beste berri batzuk erabiltzea". Hala ere, programa berriak erabiltzera ohitzean legoke gakoa. Eta hori da, hain justu, Ubuntu Install partyaren helburua, hasierako argibideak ematea, alegia.

Gaian adituak irakasle
Esan moduan, irailaren 24an izango da zita. Bi orduz egongo dira Gazte bulegoan Ubuntu sistema eragilea instalatzen, 18:00etatik 20:00etara, hain zuzen. Librezale –www.librezale.org– elkarteko adituak izango dira instalazioan lagundu eta hasierako erabileraren inguruko zalantzak argitzen.

Doakoa, eta euskaraz
Euskarazkoa, doakoa, azkarragoa eta seguruagoa den sistema eragilea instalatzeak ez du beste munduko sekreturik, Patxi Gaztelumendi Gazte bulegoko koordinatzaileak azaldu duenez: "Ubuntu sistema eragilea duen CD edo USB memoria sartu eta klik eta klik egitea da, urratsak jarraitzea". Gainera, Gaztelumendik jakinarazi du bi modu daudela sistema eragile berria norberaren ordenagailuan sartuta izateko. Batetik, ordenagailua pizterakoan aurreko sistema eragilearekin batera bietako bat aukeratu ahalko da; eta beste modua litzateke aurrez instalatuta dagoen sistema eragilearen barruan CDa edo USB memoria sartuz Ubuntu abiaraztea.

Aurrekari arrakastatsua
Ez da lehen aldia halako party bat egiten dela Arrasaten. Kulturaten egin zen aurrekoan eta Gaztelumendik azaldu duenez, "oso arrakastatsua" izan zen. Izan ere, uste du Gaztelumendik, "teknologia berriek interesa pizten dute gazteengan, eta eurekin landu beharreko gai zuzena da Gazte bulegoarendako". 

Teknologia berriak gazte bulegoan

Asmoa da zita hileko azken eguenetan egitea

Ubuntu Install partya izango da eguen honetan, eta Patxi Gaztelumendi Gazte Bulegoko koordinatzaileak jakinarazi duenez, asmoa da hileko azken eguenetan teknologia berrien inguruko bestelako ikastaroak egitea.
Zehaztu dute zein ikastaro emango duten urrian eta azaroan. Gaztelumendik aurreratu du urrian sare sozialek hartuko dutela protagonismoa. Sare sozialok zer diren azaldu, erakutsi, kezkak argitu eta horietan euskararen presentzia nolakoa den aztertuko dira. Finean, Facebook, Twitter edota Tuenti moduko webguneen sekretuak azalduko dituzte.
Azaroan, bestalde, Maping party deritzona egingo dutela adierazi du Gaztelumendik. Google Earth aplikazioaren antzeko programa bat erabiliko da ikastaroan. Hori bai, aipatu aplikazioak –Open Street Map izenekoa– software librea izango du oinarri. Ikastaro horrek helburu bi izango ditu: batetik, mapa libre bat osatzen joatea eta, bestetik, mapa birtual horretan Arrasate kale izendegiak euskaraz jartzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak