Iñaki Salvadorrekin kantu ospetsuen bertsioak zapatuan

Mireia Bikuña 2009ko urt. 28a, 13:43
Te doy una canción delako emanaldia egingo du Jaime Mayor de la Iglesia kontrabaxu jolearekin, Hasier Oleaga bateria-jotzailearekin eta Amaia Otega abeslariarekin, Amaia antzokian 20:00etan. Sarrerak salgai daude hamar eurotan. Aldez aurretik www.kutxa.net webgunean eros daitezke eta bihar, emanaldia hasi aurretik, txarteldegian

Iragana eta oraina

Te doy una canción delako emanaldian iragana eta oraina uztartu gura ditu Salvadorrek; hau da, aspalditik erakutsi duen jazzaren eta kantu herrikoiaren arteko fusioa errepertorio eta musikari berriekin nahastu ditu.
Biharko saiorako hainbat estilotako abesti bilduma egin du, konplexurik gabe aukeratutakoak; besteak beste, Mikel Laboaren Txoria txori; Pablo Milanesen De qué callada manera; Joan Manuel Serraten Mediterráneo eta Benito Lertxundiren Bizkaia maite eskainiko ditu.
Kantuak aukeratzeko orduan  memoria musikal eta afektiboak erabili ditu.
Arrasaten egingo duen emanaldia Euskal Herriko hainbat herritan egin du aurretik. Gainera, Estatuan (Salamancan eta Cuencan, besteak beste) eta atzerrian (Kolonbian eta Ekuadorren) egin ditu kontzertuak.

Sari asko jaso ditu

Jazza egiten dutenen artean izen handietakoa da Iñaki Salvador, eta Espainiako Estatuko onenen artean dagoen piano-jotzailea. Eskarmenturik ez zaio falta.
Era berean, sari eta onespen asko jaso ditu. Besteak beste, 1980ko hamarkadan Getxoko jazz jaialdiko lehen saria irabazi zuen; alegia, jaialdiko bakarlari onenaren saria. Bestalde, 1988. urtean Tete Montoliú beka eman zioten, jazz munduan bere tokia egiten hasteko benetako bultzada eman ziona. Beka hark hainbat artistarekin lan egiteko ateak zabaldu zizkion Iñaki Salvadorri; besteak beste, Luis Eduardo Aute, Golden Apple Quartet eta Mikel Laboarekin lan egiteko aukera paregabea izan zuen.

Taldeak eta eskolak

Jazza eta Iñaki Salvador eskutik joan dira beti. Hainbat talde sortu zituen: Kurssal, Naima Quartet, Iñaki Salvador Trio eta Zibor Hastea, besteak beste.
Kontzertuak emateaz gain, musika modernoaren gaineko eskolak ematen ditu. Egun piano eta jazz irakaslea da Euskal Herriko Goi mailako musika kontserbatorioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak