Ikutixo eremuan ezin izango da ezer eraiki, Udalak hala erabakita

Ubane Madera 2009ko urr. 19a, 11:12
Ikutixo ibarra aurrerantzean lur hiritar-ezina izango da. Horrek esan gura du han ezin izango dela ezer eraiki. Arrasateko Udalak Egitamu Orokorra aldatu du Ikutixoren izendapena aldatzeko. Orain arte eremu hiritargarri moduan zegoen klasifikatuta guna hura.

Are gehiago. Ikutixorako egitasmoak ere bazeuden Udalean, lehenagoko legealditik: "Mendebaldeko saihesbidea eraikitzeak ekarriko duen lur betelana jasotzea eta ondoren, jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrari aurre egingo dion esparrua sortzea"; industrialdea, bestela esanda.  

Bertan behera uzteko arrazoiak

Ba esandako moduan, bertan behera geratu da hori guztiori. Bi arrazoi eman ditu Udalak.
Bata da mendebaldeko saihesbideko (Olandixo) obrak hasita daudela eta hango lurrak beste nonbaitera isurtzen dabiltzala; beraz, ez dagoela Ikutixoko zabortegi beharrik.

Bestea da egoera ekonomikoa "kaskarra" dela, "jarduera guztiak moteldu" dituena; beraz, industrialde berrien beharrik ere, momentuz, ez dute ikusten.

Ikutixo eremuaren izaera aldatzeaz gainera, "Basoaren Babesa" esparruan sartuko dute aurrerantzean. 

Meatzerrekako industrialdea finkatuta

Bestalde, aldaketa horrekin batera, beste bat ere egin du Udalak Egitamu Orokorrean. Meatzerrekako industrialdearekin dauka zerikusia. Egin duena da industrialde haren izaera aldatu eta bidea eman mota guztietako industriak kokatu ahal izateko.  

Orain arte garapenik ez

Kontua da, indarrean zegoen araudiaren arabera, Meatzerrekako industrialdean industria bakarrak zeukala egoteko eskubidea. Baina gaur egun Civasa, OMU eta bestelako negozioak ere  badaude. Horrek esan gura du ordenazioz kanpo zeudela jarduera horiek eta berez, Meatzerrekatik joatea tokatuko litzaiekeela. Horrez gainera, "industria bakan erabilerak suposatzen du esparrua azalera handia behar duen enpresa bakar batek okupatzea. Hori dela-eta, esparruak ez du garapenik izan", dio Udalak.

Pabilioi txikiak

Orain, berriz, mota askotako industria jarduerak kokatu  ahal izango dira han: "Onartzen du pabilioi txikiak egin eta hainbat enpresa kokatzea bertan".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak