Ideia berritzaileak, bizikletak aparkatzeko kaleko altzariendako

Irati Agirreazaldegi 2009ko mai. 4a, 14:30
Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako Eraikuntza zikloko taldeak aurten lehen aldiz ipini du abian hiri-altzari eramangarrien gaineko ideia lehiaketa. Lehiaketaren gaia edo oinarria izan da ideiak ematea bizikleten aparkalekuak diseinatzeko eta gero horiek eraiki ahal izateko. Diseinuok aurrerantzean garatu ahal izango ote diren ez dakite Arizmendikoek, baina euren esanetan, "aitzaki bat da lehiaketa eraikuntzaren arloko ikasleek lehen pausoak emateko".

Lehiaketa zabaldu zuten Espainiar Estatuko lanbide heziketako ikastetxeetan; eta guztira, 23 lan jaso dituzte. Euskal Autonomia Erkidekotik hamar Gasteizko proiektuak eta Arizmendiko ikasleenak; eta Toledotik, Cuencatik, Madrildik, Lleidatik… ere jaso dituzte lanak.

Ideia originalak

Eguaztenean elkartu ziren epaimahaiko kideak ideia guztiak gainbegiratu eta proiekturik onena zein den erabakitzeko.

Epaimahaia osatu dute Arrasateko Udaleko obretako teknikari Izaro Agirrek, Arizmendi Ikastolako Eraikuntza Saileko Jokin Agirrek eta LKS Ingeniaritzako Elisabeth Urrutiak.
Aurkeztutako lanak baloratzeko orduan epaimahaikoek kontuan hartu dituzte diseinua, soiltasuna, originala izatea, aurkezpena eta egiteko erraztasuna.

Epaimahaiko kide Izaro Agirrek esan digunez, "landutako ideiak kalitatekoak izan dira orokorrean. Batzuk baziren orijinalak eta berritzaileak, baina beharbada ideia ez dutenak erabat ondo garatu; beste batzuk, berriz, gaur egun dauden ideietan oinarrituta, aldaketa batzuk planteatu dituzte; aterperen bat, esaterako. Orohar ondo bete dituzte eskatutako irizpideak eta irabazle irten dira irizpideak ondoen bete dituzten bi lanak".

Lan irabazlearen bideragarritasuna azpimarratu dute epaimahaikoek, eta bigarrenaren originaltasuna. "Zerbait gehituta, materialen bat edo elementuren bat aldatuta, baina baziren proposamen batzuk ideia hutsa izatetik gauzatzera pasatzeko modukoak", dio Izaro Agirrek.

Arrasaten ideia horietakoren bat errealitate bihurtuko ote den galdetuta, Agirrek esan digu "lortuz gero proiektua egingo lukeen norbait, aukera hor dago; gauza burutsuak eta politak ikusi ditut, baina oraingoz ez dago ziurtatzerik. Hiri altzarietan merkatuan dauden neurrian eskaintzak aztertzen dira Arrasaten. Ikusita mantenuak baduela pisua eta altzariak jasangarri ez ezik funtzional ere izan behar direla, saiatzen gara ahalik eta eraikuntza jasangarriena izan dadin. Epe motzean beharbada ez da aldaketarik sumatuko baina apurka saiakera egiten da".

Sari banaketa egubakoitzean

Maiatzaren 8an, Arizmendiko Lanbide Heziketakoek antolatutako jardunaldietan banatuko dituzte sariak: ordenagailu eramangarria, garaikurra eta eskolarako eskanerra. Hirugarrenez antolatu dituzte jardunaldiok eta XXI. mendeko etxebizitzaz jardungo dute, birgaitzeaz, hain zuzen ere.

Jardunaldietako egitaraua

09:00 Dokumentazio banaketa. 
09:20 Ongietorria.
09:45 Hirigintza, hazkuntzaren paradigma eta birgaitzea. Hizlaria: Jose Luis Azkarate, LKS ingeniaritzako arkitekto hirigilea.
10:30 Birgaitzea: Gestioa eta aurrezki energetikoa. Hizlaria: Luis Laskurain, Suradesako gerentea.
11:15 Ekokaleak ideia lehiaketako sari banaketa.
12:00 Egurrezko egituren berreskuratzea. Hizlaria: Mikel Landa, arkitektoa eta egurrezko egituren berreskuratzean aditua.
12:45 Vitoria-Gasteiz hiri historikoaren birgaitzea eta suspertzea: proiektu oso baten bi alderdi. Hizlaria: Gonzalo Arroita, Vitoria-Gasteizko hirigune historikoa era integralean biziberritzeko agentziako zuzendaria.
12:45 Mahaingurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak