Ia 25 urte iraun duten jira eta birak, eteteko arrisku larrian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 24a, 13:28
Arrasateko kiliki eta erraldoien konpartsaren egoera larria da. Hori ez da berria, izan ere, 10 urte inguru daroate jende falta somatzen eta azkenaldian taldera jende berria erakarri guran dabiltza. 1985eko San Juanetan lehenengoz irten zirenean 30 kide inguruk osatzen zuen taldea; egun 11 kide bakarrik dira. Hori bai, herriko jai nagusietan ez dute oraindik hutsik egin.

Arrasateko kiliki eta erraldoien konpartsaren egoera larria da. Hori ez da berria, izan ere, 10 urte inguru daroate jende falta somatzen eta azkenaldian taldera jende berria erakarri guran dabiltza.
2009ko San Juan jaietan inoiz baino agerikoago geratu da jende beharra eta txikienek betiko erraldoiei protagonismoa kentzen ari direla. Haurren erraldoien konpartsak ez du-eta parte-hartze arazorik. Azken urteotan konpartsak izan duen albiste pozgarri bakarrenetarikoa izan da haurrek euren neurrira egindako erraldoiak ateratzea. Baina herriko beste kultur taldeetan gertatzen den moduan, adinean aurrera egin ahala behera egiten du parte hartzeak. Herriko dantza taldeak dira joera horren adibide esanguratsuenak.

Konpartsarena, egoera larriena
Erraldoi eta kilikien konpartsari, baina, egoera larriena tokatu zaio. Hala uste du Joxerra Perezek, hasierako taldetik geratzen den konpartsako kide bakarrenetarikoak. Izan ere, Perezek jakinarazi duenez, "hasierako urteetan 30 kide inguru ginen, eta gure konpartsak gutxienez 18-20 pertsona beharko lituzke; egun 11 besterik ez gara". Datuak esanguratsuak dira, eta ondorioak, begi bistakoak. Perezek horietako ondorio bat eman du ezagutzera: "azkenengoz duela sei urte atera genituen kalera kiliki guztiak". Egun sei kiliki eta bi zaldiko dituzte.

Ia 25 urte jira eta bira
Arrasateko erraldoi eta kilikien konpartsak herriko jai nagusiak –Aratusteak, San Juanak,  Maritxu Kajoi eta Santamasak– girotu izan ditu 1985eko San Juanetan lehenengoz irten zenetik. Askok uste dute erraldoiak jira eta bira jartzea ez dela lan erraza. Perezek, baina, hori argitu gura izan du: "erraldoiak kontrolatzeak ez du konplikazio handirik, bakoitzak 60 kilo inguru dituen arren". Kilo asko dira, baina ia 25 urte hauetan, Perezek dioenez, "ez du inork lesioengatik utzi". Hori bai, aurretik bizkarreko minak zituztenek –adinean ere aurrera egin dutela ezin da ahaztu– taldea utzi behar izan dute, medikuaren gomendioak jarraituz.
Bestalde, taldean ez dago neskarik. Perezek dio gutxi batzuk probatu izan dutela, baina gerora utzi egin dutela.

Txikienenak, jende arazorik ez
Lehen esan moduan, haurren erraldoien taldeak ez du ume faltarik. Duela urte bi Arrasateko denda batek betiko erraldoiak eredu hartuta txikienendako batzuk egin zituen. Perezek adierazi du aspaldi 10 eta 16 urte bitartekoendako erraldoi ertainak egitea pentsatu zutela, baina ez zen sekula gauzatu. Duela urte bi, 6 eta 8 urte artekoendako erraldoi txikiak egin zituzten.
Ordutik hainbat haurrek eta gaztetxok izugarri gozatu dute euren neurrira egindako erraldoiak dantzan jarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak