Hirigintza kontuetarako Aholku Batzordea, aurrera

Ubane Madera 2009ko api. 6a, 11:34
Ez ohiko astea den arren, gaur arratsaldean hitzordua dute udal agintariek asteroko batzarra egiteko. Mahai gainean izango dituzten gaien artean Musakolan Haurreskola zerbitzua abiarazteko obren proiektua berbagai izango dute;.

Eta beste gairen bat aipatzearren, Udal Planeamenduaren Aholku Kontseilua eratu eta bere funtzionamendurako erregelamendua ere izango dute aztergaien artean.

Zer den Udal Planeamenduaren Gaineko Aholku Batzordea? Bada, herriko hainbat elkarte, erakunde, auzotar eta bestelakoen ordezkariekin osatutako taldea da. 2006ko Hirigintza eta Lurraren legeak agintzen du halako batzorde bat sortzea Hirigintzarekin lotutako udalerriko Egitamu Orokorra lantzeko. 

Aholku Batzordearen betebeharra izango da, Udalak lantzen dituen hirigintza gaietan parte hartzea; Zela? Bada Udalak lantzen dituen hirigintza proiektuen gaineko iradokizunak eginez, ordenazio urbanistikoarekin lotutako txostenak eginez,  proposamenak, aholkularitza lanak eta halakoak.

Hogeitik gora lagunek osatutako batzordea izango da. Ino Galparsoro alkateak emandako datuaren arabera, 26 bat herritarrek osatutakoa. Adibidez, kide izango dira alkatea, udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bana, Udalean ordezkaritzarik ez duten alderdi politikoen ordezkariak, baserri eta auzoetako alkateak, eta hainbat elkarte edo taldetako ordezkariak; batzuk aipatzearren: ekologistak, pertsona nagusien ordezkariak, langileenak, gazteenak, emakumeenak, ikastetxeetako ordezkariak eta beste baserritar eta sindikatuen ordezkariak. 

Aholku Batzordearen araudiak zehazten du, baita ere, herri kontsultarekin lotutako bi puntu. Aurrenekoak dio alkatetzak, udal batzarraren erabateko gehiengoa lortuz gero, hirigintzarekin lotutako gaien gaineko galdeketa egin dezakeela herritarren artean, beti ere, gai horiek berebiziko garrantzia badute edo herritarren artean ika-mika bereziren bat eragiten badute.

Bigarren puntuak, berriz, dio Aholku Batzordeak gehiengo osoa baldin badu, erabaki dezakeela berak aztertutako gai baten gainean herritarrei galdetu egin behar zaiela.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak