Goizean deklaratu du epailearen aurrean Inazio Lakuntza alkateak

Ubane Madera 2006ko abe. 11a, 18:11
Inazio Lakuntza Arrasateko alkatearekin batera Jose Maria Loiti alkate ohia dago inputatuta, Bergarako Instrukzioko bigarren zenbakiko epaitegian, Gelmaren auzia dela-eta. Obenerrekako enpresaburu Javier Guibert ere inputatuta dago auzi berean, baina oraingoz, behintzat, epaileak ez dio deklarazioa hartuko. Kohetxoa (funtzionario-eroskeria), diru publikoa bidegabe erabiltzera eta prebarikazioa (euren eginkizuna ez betetzea) dira leporatzen zaizkien delituak. Lasai atera da Lakuntza epailearekin egon ostean.

11:00etan eta 11:15ean zuten hitzordua Lakuntzak eta Loitik, Marta Martin Iglesias epailearen aurrean. Baina Loiti ez da azaldu, ez dutelako lokalizatu. Horrenbestez, Inazio Lakuntza bakarrik joan da Bergarako epaitegira. Ordubeteko atzerapenarekin, epaileak jakinarazi dio zeintzuk diren leporatzen zaizkion hiru delituak eta horren ostean, deklarazioa hartu dio. 

Lakuntza lasai

Lasai samar atera da alkatea epaitegitik eta ondo lagunduta, gainera, harekin batera etorri dira-eta EAJko Arrasateko buru Isidor Solupe eta Udaleko Hirigintza Saileko buru Agustin Ugarte zinegotzia. Irtendakoan hau esan du Inazio Lakuntzak: "Oso ondo joan da, niri hala iruditzen zait, behintzat. Gauzak oso garbi gelditu dira eta galderak, gainera, ez dira izan horren zorrotzak; beti ibili dira ilegalitate mundu horretan, ea 2004ko hitzarmena nolakoa zen. Eta hori garbi zegoen eta ez nik esaten dudalako, baizik eta ia-ia  indar politiko guztiek hori adierazi dute: 2004ko hitzarmena guztiz legala zela eta kitto. Hortik aparte, gauza irrelebanteak izan dira, niretako. Baina ikusi behar da, beti dago zerbait; epaitegitik ateratzean beti egon behar zer gertatuko den zain; baina nire ustez garbi geratu dela. Ni nire buruarekin lasai nago, lasai egon naiz deklarazioak egiten eta ea benetan artxibatzen den auzi hau eta kitto."

Loitiren konparezentzia ezaren gainean, berriz, zera adierazi du: "Nire ustez kanpoan dagoelako ez da etorri; berak ez du hartu notifikazioa, beraz, beste egunen batean etorriko da, nire ustez. Erretiratuta dagoenez, orain hemen eta bihar han ibiltzen da."

Akusazio partikularra

Epaiketa berean, baina lekuko moduan izan da EAJko zinegotzi ohi eta orain Talde Mistoko kide Ines Aldai eta akusazio partikular eta lekuko moduan izan da Ezker Batuko zinegotzi Ander Rodriguez. Azken horrek salatu du, bestak beste, Inazio Lakuntzak errua Agustin Ugarteri egotzi diola: "Guk egin behar genuena zen berretsi Ezker Batuaren izenean ipini dugun salaketa. Kontatu zein egoeratan onartu zen hitzarmena, zela informazio falta zegoen eta zela halako batean lursailen birkalifikazioa justifikatu zuten. Izan ere aurreko kalifikazioarekin, babes ofizialeko etxebizitza kopurua handiagoa zen, eta fabrika lekuz aldatzeko dirua bazegoen."

"Prozesu honetan akusazio partikular moduan parte hartu dugu, bere egunean konprometitu ginelako Ezker Batuak bere eskura dituen giza baliabide eta baliabide tekniko guztiak ipiniko zituela. Kasu honetan, guk kontratatu dugun abokatuak galdera batzuk egin dizkio Inazio Lakuntzari, harrigarriena izan da galdeketan Inazio Lakuntzak "baloiak kanpora bota dituela", Hirigintzako zinegotzi Agustin Ugarteri bota dio errua eta gertatu den guztiaren gainean ez zekiela ezer adierazi du eta horrek, gure ustez, ez du sinesgarritasun handiegirik."

Grabazioak froga gisa

Ines Aldai lekukoak froga garrantzitsu bat aurkeztu duela ere esan du Ezker Batuko zinegotziak: "Gu ere ezustean harrapatu gaitu izan ere Ines Aldaik, bere galdeketan, aurkeztu du CD bat lau elkarrizketaren grabazioarekin: bata Inazio Lakuntza alkatearekin, bestea Luis Urkiza aholkulari ekonomikoarekin, beste bat EAJren barruan izandakoa eta beste bat Hirigintzako teknikari buru Juan Antonio Urdangarinekin. Oraindik ez dakigu zein eduki duen baina egin dugu froga horiek eskuratzeko eskaera jakiteko zer dioten, iruditzen zaigulako garrantzitsua froga horiek aurkeztu izana."

CD horren gainean ere galdetu diogu Inazio Lakuntza alkateari: "Ez dakit ezer. Niri, behintzat, ez didate galdetu horri buruz ezer ere ez."

Epaiketak aurrera egingo duen edo ez jakin beharko da orain

Orain, jasotako froga guztiekin epaileak erabaki beharko du epaiketak aurrera egiten duen edo ez. Aurrera eginez gero, Donostiara pasatuko litzateke epaiketa, zigor auzitegi batera. Izan ere, lehen aipatu ditugun hiru delituengatik bi urtera arteko kartzela zigorra edo lauzpabost urteko inhabilitazioa jasan ditzakete inputatuek, beti ere, errudun direla erabakitzen badu epaileak. 

Dena den, epaiketak aurrera egingo duen edo artxibatuko duten jakin arte hilabeteak pasako dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak