Leizetxiki: duela 150.000 urte baino gehiagoko hartzaren hezurrak aurkitu dituzte

Goiena 2009ko uzt. 14a, 11:52
Arrasateko Garagartza auzoan dagoen Leizetxiki kobazuloan indusketa lanekin dihardute. Azken urteotako ohiturari jarraituz, boluntario taldea dabil han lanean ekainaren 29tik. Maila berri batean hasi dira indusketa lanak egiten. Hartz hezurdurak eta gizakiaren presentzia frogatzen duten harrizko tresnak aurkitu dituzte.

Arrizabalagak esan digu bi zatitan jarraitzen dutela indusketak egiten: Leizetxiki kobarekin konektatuta dagoen kobazulo txikian (Leizetxiki 2 bezala ezaguna dena) eta kobazulo nagusiaren hegoaldeko atarian. Tresna eta animalia hezurrak berreskuratzen saiatzen dira. Horren harira, gizakiaren presentziari dagokionez, aurten, oraingoz, aurkikuntza gutxi topatu dituztela aurreratu du. 

Giza aztarna zaharrenak han

Indusketa horien arduradun Alvaro Arrizabalagak esan digu aurten hogei lagun baino gehiago daudela han eguenera arte; aztarnategia utziko duten egunera arte. Gehienak arkeologiako ikasleak eta Euskal Herrikoak baldin badira ere, Espainiako Estatutik etorritakoak ere badaudela azaldu digu, hala nola, Madrilgo, Granadako eta Valentziako unibertsitateetatik iritsitakoak.

Hori aurtengo aurkikuntzei dagokionez; aurretik garrantzia itzela duten aurkikuntzak egin izan dituzte-eta han. Bertan topatu dira Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak; Neandertal aurreko aztarnak, orain dela 150.000 urtekoak, gutxi gora behera.
Leizetxiki kobazuloa 1927an aurkitu bazuten ere, 1956tik 1968ra bitartean egin ziren indusketarik garrantzitsuenak, Jose Migel Barandiaranen eskutik. Indusketa horietan 30 bat urte zituen emakume baten besahezurra topatu zuten. Azterketek ondorioztatu zuten Homo Heidelbergensis giza espeziarena izan zitekeela emakume hori; hau da, neanderthal aurreko espeziarena. Gainera, neanderthal fosilak ere azaldu ziren; tartean, garai hartako gizakien hortzak eta ziurrenik zintzilikari bezala erabili zen maskorra.

Hainbat hartz mota

Arrizabalagak, horren harira, kobaren garrantzia azpimarratu du: "3.000 urte baino luzeagoa den sekuentzia guztia islatzen digu; orain dela 150.000 urte inguruko bizimodua". Aurkikuntza horietaz gain, hainbat animalien fosilak topatu zituzten; tartean, azkonar jatuna, errinozero iletsua, haitzuloetako lehoia, oreintzarra, bisontea eta hainbat hartza mota. Animali horien presentziak ahalbideratu zuen garai hartan Leizetxikiko ingurunearen gainean zerbait gehiago jakitea.

1996an, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Alvaro Arrizabalagak gidatutako taldea iritsi zen Leizetxikira. Barandiaranek topatutako besahezurra kokatzea eta historian, aztarnategiak duen garrantzia azaleratzea du helburu. Bihar, martitzena, aurtengo kanpainako aurkikuntzen berri emango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak