Garaia proiektu gaztea dela eta emaitzak lortzeko goiz dela adierazi du Andoni Gartziak

Ander Monedero 2010ko urr. 12a, 14:53
Garaia Berrikuntza Guneak Arrasateko Udalari eskatutako diru ekarpen berriak zeresan handia eman du. 2008an, 4 milioi euroko kapital handitzea onartu zuen eta Mondragon taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sprilurrek, beraien ekarpena egin zuten eta Arrasateko Udalak aurtengo urriaren 7an onartu du ekarpen hori egitea.

2008. urtean, Garaia Berrikuntza Guneak bere ateak zabaldu zituenean, 4 milioi euroko kapital handitzea onartu zuen proiektuak aurrera eramateko likidezia behar zuelako. Urte horretan, Garaiak dituen lau bazkideetatik hiruk, Mondragon Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eskatutako ekarpen ekonomikoa egin zuten: milioi bana euro.

Arrasateko Udalak, Garaiako bazkide txikienak, 250.000€ inguru jarri zituen eta urriaren 7an onartu zuen ekarpenaren beste zatia jartzea, hau da, falta zitzaizkion 756.440€ak jartzea. Erabaki honek eztabaida handia sortu zuen aurtengo urriaren 7ko osoko bilkuran, berrikuntza guneak hasieran planteatutako helburuak bete ez dituelako.

Garaia proiektu gaztea dela eta oraindik ere emaitzak lortzeko goiz dela adierazi du Andoni Gartziak. Izan ere, berrikuntza gunea sortu zenetik 10 urte bete arren, horietatik 7 azpiegiturak eraikitzen pasatu dira. Aurreko asteko osoko bilkuran, Garaiaren kudeaketa egokia izan ez dela nabarmendu zuten eta Gartziak krisiari egotzi dio berrikuntza gunera aurreikusitakoa baino enpresa gutxiago joatea. 

Garaiako zuzendariak berrikuntza gunean 400 lanpostu berri sortu direla nabarmendu du. Arrasateko Udalean egon daitezkeen eztabaiden harira, berriz, berrikuntza guneak sor ditzakeen zalantzak Udalak Garaiako administrazio-kontseiluan duen ordezkariaren bitartez aurkezteko eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak