Garagartzako ortuen jabeek bertatik bertara ezagutu zituzten lur zatiak

Irati Agirreazaldegi 2009ko aza. 23a, 10:58
Goizean goiz zabaldu zituzten zapatuan Garagartzako ortu ekologikoetako ateak. Hauek bisitatzen lehenak Ino Galparsoro alkatea, Izadi Mondragon Garapen Estrategikoko zinegotzia, Iñaki Aiastui eta Mari Karmen Iturbe Landa Garapen Elkarteko presidentea eta teknikaria, eta Udaleko ingurumen teknikari Rafa Ugarte eta Pello Garai izan ziren.

Ortuetan barrena ibilbidea egin ahala urarendako aska bat ikusi zuten; horrelako lau ipini dituzte, ortuen maila bakoitzeko bat, eta ondoan iturri bana dute.

87 baratz, 50-55 metro koadro artekoak; horietatik zazpi Udalarenak. Guztira futbol zelai erdiaren azalera.

Lur emankorra

Lehenengo askaren azpian gune bat ipini dute konposta, sahatsa edo aurrerago beste material batzuk edukitzeko. "Lur analisia  egin eta ikusi zen zuzenketa organikoa egin behar zela; zizare humusa edo konposta erabiltzeko aukera zegoen eta Udala arduratuko da hortaz; gero, ortu jabeek sortzen duten belarra moztu, xehatu eta berrerabili beharko dute", azaldu zuen Rafa Ugartek.

Simaurra erabiltzeko aukera  ere aztertu dutela esan zuen Pello Garaik: "Lortzea, manipulatzea, usaina… zaila da. Arrasate inguruan ez dago ganadutegirik eta simaurra daukatenek etxerako erabiltzen dute. Jatorriari ere erreparatu behar zaio. Izan ere, nekazaritza ekologikorako izanik purinarik… erabili duten".

Hala ere, egindako analisiek lurraren kalitate ona ziurtatu dute. "Lurra oso emankorra da. Inoiz baratzak edo soroak izan ziren; obrak egiteko lur hori guztia pilatu egin zen eta gero berriz bota zen gainean, hortaz, zorionez, lurra ganorazkoa da", dio Garaik.

Lurrak lantzeko, ordea, tresnak beharrezkoak dira eta horiek erabiltzaileen eskura ipini ditu Udalak egoki gertatutako txabola batean: Erremintendako gela, aldagelak, takilak eta komunak.

Nahi dutenean hasi ahal izango dira erabiltzen, txartela zapatuan eskuratu baitzuten ortuen jabeek. Adin askotako jendea gerturatu zen Garagartzara eta lanean hasteko gogoa suma zitekeen euren aurpegietan. Gurasoekin batzuk, seme-alabekin besteak, bakarrik... baina denak euren lur zatia ikusteko irrikaz.

Ortuen araudia

Baratzak modu ekologikoan landu behar dira eta horretarako Udal teknikarien eta Biolur elkartekoen eskutik ikastaroa jaso dute ortuen jabeek. "Azaldu zaie zer den nekazaritza ekologikoa, zein produktu eta teknika erabili behar diren... Euren etxerako produktuak badira osasuntsuak izan behar dira, hortaz, eurendako ere hobe da pestizidarik ez erabiltzea", dio Garaik.

Izadi Mondragon zinegotziak esan zigunez, asmoa zen herrian barrena zeuden beste ortu batzuk kentzea, baina 80 orturekin ez da nahikoa, hortaz, lan taldeetan araudi egokia gertatzea izango da hurrengo pausoa.

Txartela eskuan belarrak eta harriak kendu eta udaberrirako gertatzea izango da gehienen asmoa, batzuek ilarrak, baba beltzak, kipulak edo berakatzak landatzeko gertu badauden arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak