Fibromialgia duten gaixoei zuzendutako zerbitzua, Arrasaten

Ubane Madera 2008ko api. 24a, 14:22
Fibromialgia edo neke kronikoa duten gaixoei zuzendutako zerbitzua abiarazi behar dute laster Arrasaten. Gaixotasun horrekin arduratzen den Bizi Bide elkarteak zabalduko du lokala, "Arrasateko bazkideei zuzenduta, momentuz, egokitutako terapiak egiteko", elkartetik azaldu duten moduan.

Orain dela lauzpabost hilabete dela, Bizi Bide elkarteak Arrasaten eman zuen hitzaldi baten harira, konturatu ziren Arrasaten gaixo asko zegoela, "20 bazkide berrik eman zuen izena orduan, eta gainera gauzak egiteko gogo handiarekin", kontatu digute elkarteko kideek. Eta gaineratu dute hori ikusita erabaki dutela Bizi Bide elkartekoek Arrasaten euren bazkideei zerbitzua emateko lokala zabaltzea. Dagoeneko Udalak utzi die bat, Jose Luis Iñarra kaleko 32. zenbakian, eta euren asmoa da "iraila-urrirako hastea, baina oraindik ez dago ezer erabakita".

Hitzaldia, martitzenean

Edozelan ere, bien bitartean Arrasaten bestelako ekimenak egiten jarraituko dute. Adibidez, datorren martitzenean, apirilaren 29an fibromialgiaren gaineko aspektu medikuak aztertzeko hitzaldia antolatu dute. Jesus Acin medikua izango da hizlaria, fibromialgiaz asko dakien medikua, Bizi Bide elkartetik jakinarazi duten moduan: "Osakidetzan dihardu lanean, familia mediku internista moduan eta horrez gainera, Bizi Bide elkartearekin asko kolaboratzen du, boluntario moduan". Hitzordua da 19:00etan, Kulturateko areto nagusian.

Fibromialgia

Giharren, tendoien, lotailuen eta nerbioen mina da fibromialgia. Pertsona ezgauza bihurtzeko adinako mina izan daiteke. Ez dago proba mediku objektibo eta zehatzik esaten duena pertsonak gaitz hori duela; ondorioz, diagnosi okerrak ere egiten dira. Fibromialgiaren jatorria ezezagun da baina azken ikerketen arabera, nerbio-sistema zentralaren desorekan egon daiteke jatorria eta arazoa genetikoa den ustea ere bada. Bizi Bide du izena Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kroniko gaixoen elkarteak. Gure ibarretik, jendeari arreta emateko duten bulego gertukoena Eibarren dago, Portalea eraikinean (Bista Eder 10).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak