Festa Amador eta konpainiarekin

Txomin Madina Milikua 2010ko urt. 16a, 21:52
Bluesa. Rocka. Flamenkoa. Rumba. Eta baita pop apur bat ere. Horiek guztiak batu ziren egubakoitzean jendez lepo bete zen Arrasateko Hiru aretoan.

Gaua baina, ez zen oso ondo hasi badirudi-eta gurean ordutegiak orientazio gisa bakarrik erabiltzen ditugula.Hala, 23:00etarako iragarrita zegoen kontzertua ia gauerdian hasi zen, bertaratu zirenen agortzen hasita zegoenean. Lehenengo notak entzutean baina, haserreak alde batera geratu eta dantzarako eta dibertimendurako gogoak jabetu ziren aretoaz.

Seikotea agertokian

Betaurrekoekin, ilea luze eta dagoeneko mende erdia betea duen arren, gaur egungo edozein gazte bezala jantzita agertu zen jendaurrean Raimundo Amador, diskoetan erakusten duen itxura dotoretik aldendu samar. Ahotsa entzutea eta zioena ulertzea zenbait unetan zaila egiten zen arren, gitarrarekin paregabe ibili zen Sevillakoa.

Gitarrarekin baino, gitarrekin, behin baino gehiagotan aldatu baitzuen instrumentua.
Amador baina, ez zen bakarrik etorri Arrasatera. Hala, semea lagun izan zuen kaxoian, eta iloba berriz, bigarren ahotsetan. Alvaro Gandulek teklatuan, Lin Cortesek gitarra eta ahotsetan eta Anye Baok baterian osatu zuten seikotea, gauak aurrera egin ahal, sekulako batasuna erakutsi zuena. 

Fusioa da Raimundo Amadorren musika deskribatzeko askotan erabiltzen den hitza, eta hori argi geratu zen bi ordutan zehar jo zituen ia 20 piezetan. Emanaldia hasi baina, flamenko kutsu nabarmena zuen kantu batekin hasi zuen. Eta orduan bai, estiloen festari hasiera eman zitzaion.

Lehengoak eta oraingoak

Abesti arrakastatsuak akaso ezezagunagoak diren beste batzuekin tartekatu zituzten. Ez ziren falta izan adibidez, Ay que gustito pa mis orejas, Candela edo B.B.Kingekin batera hain ezaguna egin zen Bolleré.

Baina bere bakarkako ibilbidean ezagun egindako kantuez gain, 80ko hamarkadan anaia Rafaelekin  osatutako Pata Negra taldearen piezak ere jo zituzten, Lunático, Yo me quedo en Sevilla eta Camaron esaterako.Esan behar da zenbait kantutan Lin Cortes izan zela ahots nagusia  eta ederki asko bete zuela lan hori.

Taldeko kideen batasuna aipatu dugu lehen, eta batasunari maisutasuna ere gehitu behar zaio, batez ere Gandul teklatuarena eta Bao bateriarena. Ahozabalik uzteko moduak izan ziren teklatuaren eta Amadorren arteko doinu jokoak, hitzik gabeko elkarrizketa perfektuak. Bateriak berak ere txalo zaparrada itzela eragin zuen bakarkakoan.

Momentu hunkigarriak ere egon ziren, Iman Califato Independiete taldeko Iñaki Egaña baxujolea agertokira igo zenekoa.Duela 30 urte ezagutu zuten elkar Amadorrek eta Egañak, eta bi pieza jo zituzten denek batera: Spencer Davies Group taldearen Gimme some lovin' eta Trianaren beste kantu bat.

Ikusi, entzun... eta dantzatu

Askotan esaten da euskaldunok publiko hotza garela, kosta egiten zaigula artistaren jokoan sartzea Hiru aretoan baina nahi gabe ere musikak gorputza mugitzen, txaloka, abesten jarri zituen ikus-entzuleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak