Ezustekorik ezean, aurrera egingo du 2008ko udal aurrekontuak

Ubane Madera 2008ko urt. 24a, 13:49
EAk eta Aralarrek proposamenaren alde bozkatuko dutela aurreratu dute. EAJk, abstentzioaren bidetik joko duela. Eta PSE-EEk eta PPk kontra bozkatuko dutela. Osoko bilkura berezia, eguenean, 19:00etan da.

Hona hemen udalbatza osatzen duten alderdi politiko bakoitzak gaurko (eguena) batzarrera begira hartuko duen norabidea.

 

PSE-EE: "Ezezko borobila", horixe da alderdi sozialistak udal gobernuari ematea aurreikusita duen erantzuna aurtengo aurrekontuen proposamenaren aurrean. Halaxe azaldu du Paco Gartzia bozeramaileak:"Batzordea egin baino ordu pare bat lehenago izan nintzen Ino Galparsorekin berbetan eta jakinarazi nion aurrekontuen gainean berba egiteko, lehenengo eta behin Eudelek hartutako azkeneko erabakiak aplikatu beharko liratekeela (Udalaren barruko funtzionamenduarekin lotutako erabakiak dira, udal langileen segurtasunaren, soldaten eta halakoen gainekoak). Ez zuen hori onartu. Eta horixe zen aurrekontuak eztabaidatzen hasteko ipini genuen lehenengo baldintza. Horrez gainera, lehenago alderdi politiko guztiekin berba egin dute, gurekin izan ezik. Partehartzeaz eta demokraziaz berba asko egiten da. Baina hemen ez dago partehartzerik ezta antzerako ezer. Horren adibide da garbiketaren araudiarekin gertatu dena. Eta gainera, zer da demokratikoagoa Eudelek egindako gomendioak baino?". 

Eusko Alderdi Jeltzaleak

abstentzioaren bidetik joko du: "Ez diogu ezetzik esango; kontra ez dugu bozkatuko". Horiexek Luis Mari Apraitz bozeramaile nazionalistaren berbak. Kontra ez bozkatzeko arrazoiak ere eman ditu Apraitzek: "Eskabide batzuk egin ditugu eta gehienak sartu egin dituzte". Adibidez eta Apraitzen esanetan, zera eskatu dio EAJk udal gobernuari: irisgarritasunean sakontzeko, aparkalekuen kudeaketa lantzeko, Egitamu Orokorrean sakontzeko, eta bestelakoen artean, laguntasuna Garaia, Unibertsitate eta Ikastolarendako. "Azken eskaera hori ez ohiko egitasmo batean lantzeko asmoa dutela adierazi digute". Horrez gainera, gobernuaren jarrera ere nabarmendu du EAJk gobernuaren kontra ez bozkatzeko: "Postura ona ikusi dugu. Orokorrean, jarrera ona erakutsi dute eta gure arteko hartu emanak errazak izan dira".

 

Itziar Lamarainek, alderdi popularreko

bozeramaileak pentsatzen du "ondo egokitutako" aurrekontuak direla. Zera adierazi du Lamarainek:"Nahiko ondo eginda daude. Izan ere, lau urterako inbertsio plana aztertuko dute eta azken legealdian zintzilik geratu diren eta nireak ere badiren nahi edo helburu asko jaso dituzte: Arrasate Musikal, Museo Industriala… erakutsi dute asmoa dutela halakoak mahai gainean jarri eta guztion artean eztabaidatzeko, euren erabakiak inposatu barik; alkateak oso jarrera ona erakutsi du". Edozelan ere, kritika positibo horrekin batera, PPko zinegotziak jakinarazi du aurrekontuen kontra bozkatzeko asmoa duela. Arrazoiak ere eman ditu: "Ez dut alde bozkatuko. Izan ere, sartu duten partida batekin ni sekula ez naiz ados egongo: presoen senitartekoendako dirulaguntzekin. Dirulaguntzak beharrak dituztenei laguntzeko dira eta presoen senideendako laguntza horiek ematen dira bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu barik". 

 

Hiru emendakin aurkeztu ditu Aralarrek

. "Bi txikiak eta bat handia", adierazi du Joxe Etxeberria bozeramaileak. Gaineratu du justu emendakin baten arabera emango zuela botoa: "Euskara Biziberritzeko Plana martxan jartzea da emendakin handia. Aurreko legealdian hausnarketa prozesua talde desberdinen artean gauzatu ondoren, Udalak onartu egin zuen; gauzatu gabe gelditu zena zera da: plan hori zuzenduko duen batzordea osatzeko Elkarlan Hitzarmenaren testu-proposamenak eta bertan ageri den partehartze eta berdintasun planteamendua Udala eta elkarteen artean onartzea. Gainerako bi emendakinei dagokienez, berriz, bata irisgarritasunarekin lotutakoa da: Jose Luis Iñarra kalearen 28. zenbakitik gora bizi direnek bakarrik eskailerak dituzte etxera iristeko; bada haiendako beste zeharbide bat sortzea. Eta beste emendakinarekin eskatu du urbanoa irits dadila Olandixo aldera, autobusaren ordutegia aldatu barik". Hori bai, gaineratu du, baita ere, gero jarraipena egin beharko dela esandakoa betetzen duten baieztatzekoontuak kontu, eurek aurkeztutako emendakinok onartuta, alde bozkatzeko asmoa zuen Aralarrek.

 

Bukatzeko, Eusko Alkartasunak

alde bozkatzeko asmoa duela jakinarazi du Pello Urizar bozeramaileak: "Aurrekontuak garatzen joan diren neurrian gure kezka eta proposamenak zuzenean Ino Galparsororekin landu ditugu. Horrez gainera, hark erakutsi duen jarrerarekin ere gustura geratu gara. Kontuan hartu behar da gobernu baten lehen aurrekontuak direla, beraz, lan ildoak dira. Baina guk uste dugu la urteko ardatz baten barruan sartu behar direla. Hori da gobernuaren norabidea ikusteko modu bat. Eta halaxe egin dute. Inbertsioen atalean lau urterako planteamendua egin dute. Eta horrez gainera gauzak hausnartzeko eta berritzeko asmoa erakutsi dute. Gu horrekin ados gaude. Jakina, gero ikusi egin behar intentzio horiek gauzatuko diren, baina, behintzat, guk planteatzen ditugun moduan aurkeztu dituzte. Gero, landu egin beharko dira inbertsio batzuk aurrera egiterik izango duten edo ez eta horiek zela gauzatu, baina ikusi dugu hausnarketa serioa egin dutela akordioetara iristeko. Gure batzarrak ere onartu zuen proposamena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak