Ez dago dirurik Biteri plazako estalpea eraldatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 9a, 19:27
Ez dago dirurik, krisia Udalara ere heldu zen aspaldi. Beraz, Biteri plazaren proiektuaren barruan herritarren artean kexa gehien sortu dituen estalpea –itsusia eta erabilgaitza dela uste dute hainbatek– moldatzea inbertsio handiegia da. Martitzenean egin zen plazaren erabilera funtzionala areagotzeko parte-hartze esperientziaren bigarren bilera; dagoeneko amaitu da aipatu herritarren iritzia hartzeko egitasmoa

Joan den martitzenean, hilak 7, egin zuten Biteri plazaren erabilera funtzionala aregotzeko parte-hartze esperientziaren bigarren bilera. Bigarrena, eta azkena. Izan ere, Udalak eta Siadeco aholkularitza enpresak –Aldundiak Kudeatuz programaren barruan aukeratutako aholkularitza enpresa– amaitutzat eman zuten parte-hartze egitasmoa. Ekimen berritzaile horren helburua lortu da dagoeneko: etorkizunera begira arrasatearren iritzi eta ekarpenak jasotzen dituen oinarrizko txosten bat izatea, hain zuzen. Hortik aurrerakoa Udalaren esku geratuko da.

Jaso, aztertu eta iritzia eman
Bigarren bileran 12 herritarrek hartu zuten parte, lehenean izan zen parte-hartzearen herena.
Siadecoko kideek lehen bileran jasotakoaren sintesia aurkeztu zuten. Txosteneko lehen puntuan Biteri plazak iraganean izan zuen eta gaur egun hartzen duen funtzionalitatea azaldu zuten. Hau da: Biteri plaza erdigunean kokatua, estrategikoa eta enblematikoa da arrasatearrendako; herriko erakusleihoa da.
Bigarren atalean, berriz, egungo egoeraren inguruan egindako balorazioaren berri eman zuten: bi hitzetan, herritarrek ez dute batere gustuko. Azken atalean herritarren ekarpenak irakurri zituzten. Ondoren, Arkaitz Biain euskara zinegotziak Udalaren jarrera eman zuen aditzera, eta azkenik, bileran izan ziren ia herritar guztiek euren iritzi eta ekarpenak plazaratu zituzten jorratu ziren gaien inguruan. Ekarpenon artean, Udalak bat edo beste nabarmendu zuen. Adibidez, ekitaldi jendetsuetarako karpa erraldoia jartzea.

Estalpea, urte askotarako
Ez dago dirurik, krisia Udalara ere heldu zen aspaldi. Beraz, Biteri plazaren proiektuaren barruan  herritarren artean kexa gehien sortu dituen estalpea –itsusia eta erabilgaitza dela uste dute hainbatek– moldatzea inbertsio handiegia da. Udalak, gainera, eraikita dagoen eta hain garestia izan den –362.000 euro izan zen estalpearen kostua– zerbait botatzen dirua xahutzea ez du aurreikusten. Beraz, urte askotan zehar gasolindegia hor egon da.
Azkenik, epe motzera, gunearen segurtasuna bermatu eta plazari bizia ematea da helburua.  

Udalaren jarrera herritarren proposamenen aurrean

> Estalpea Ez dago estalpea aldatzeko edo botatzeko dirurik, eta tamaina handiko moldaketa bat garestiegia da Udalarendako.

> Horma mugikorrak Horma finkoak jartzea garestiegia da, baina ekintzetarako mugikorrak jartzea begi onez ikusten dute.

> Segurtasuna Lehentasunetako bat da, eta epe motzean jarriko da martxan. Altuera eta izkin arriskutsuak konponduko dituzte. Garibai kaleko zirkulazioa ezin da aldatu oraingoz, baina etorkizunean egun puntualetarako trafikoa desbideratzea ez da baztertzen.

> Gune berdeak Egun dauden lorategiak nahikoak dira, eta zuhaitzak ez dira jarriko. 

> Erabilgarritasuna Umeendako jolas lekua ez da aurreikusten, hainbat auzotan daudelako. Eserleku egokiak eta saltoki bat jartzea aztertu egingo da. Bestalde, Udalak agertoki mugikorraren aldeko apustua egiten du, finkoaren aurretik. 

> Taberna Udalak ez du ikusten taberna berri bat non jar daitekeen. Gainera, ondoko tabernak direla-eta, egungo araudiak ez du taberna berri bat onartzen.

> Trafikoa lurperatu Udalak ez du uste plaza erabat oinezkoa egiteko, ondoko kaleetako trafikoa lurperatzea egingarria den proiektua denik. Teknikoki lan zaila da, plaza azpian hornidura hodiak daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak