Euskal Herriak Bere Eskolak lan taldea sortu du Arrasaten

Arritxu Barruso 2007ko urr. 31a, 18:53
Euskal Herriak Bere Eskola erakundeak lan taldea osatu berri du Arrasaten eta euren helburuen berri emateko agerraldia egin dute. Proiektua herritarra, anitza eta partehartzailea dela azaldu dute.

Euskal Herriak Bere Eskolak hezkuntza sistema nazionala lortzea du helburu eta horretara beharrezkotzat jotzen du gurasoen inplikazioa.

Aurkezpen ekitaldian parte hartutako guraso eta irakasleen artean Arrasateko egungo euskal hezkuntzaren analisia eta diagnostikoa egin zuten eta ondorio nagusia izan zen euskararen erabilera zabaldu egin behar dela, eta batez ere 15 urtetik gorako ikasleen artean. Baliabideen urritasuna ere aipatu zen euskal hezkuntzaren gabezien artean, eta etxean eta lagun artean egiten den euskararen erabilera ere oso garrantzitsuak direla ondorioztatu zuten.

Euskal Herriak Bere Eskola erakundeak uste du taldearen helburu nagusia izan behar dela benetako euskal kurrikuluma lortzea. Izan ere, uste dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako kurrikuluma iruzurra dela. Hori horrela, ikasturtearen lehenengo hiruhilabetean horren inguruko salaketa egiten saiatuko dira eta bigarren hiruhilekoan, gero, euskal kurrikulumaren garapena lortzea litzateke helburua. Azkenik hezkuntza nazionala lortzeko ekimen mobilizatzaileak egiteko asmoa daukate.

Lau pertsonek osatzen dute, oraingoz, Arrasateko lantaldea, baina aurkezpenaren helburua izan zen proiektuan parte hartuko duen pertsona gehiago batzea. Interesa dutenek arrasate@euskaleskola.org helbidera idatzi besterik ez dute egin behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak