Etxeko olioa birziklatzeko sistema aurkeztuko du MUk Garapen Iraunkorreko GEO2 azokan

Usoa Agirre 2008ko aza. 4a, 16:33

BECen hasi da gaur GEO2 azoka, ingurumenaren eta birziklatzearen gainekoa. Mondragon Unibertsitateak etxean erabilitako olioa birziklatzeko sistema berritzailea aurkeztuko du. Bi urte dira Arrasaten birziklatze-sistema hori erabiltzen dela. Horri esker, urtean birziklatzen den olioa bostegatik biderkatzea lortu da. Arrasaten bakarrik, urtean 5.000 litro jasotzetik 25.000 litro jasotzera igaro da. Olio-ontzi bakoitzak litro bat olio jasotzeko edukiera du, eta edukiontzi bakoitzak 174 litro jasotzekoa, ontziak gordetzekoaz gain.

Prozesua

Erabiltzaileek beren etxeetan olio-ontziak dituzte, betez doazenak, eta behin beteta daudenean, edukiontzira eramaten dituzte. Bertan erabilitako olioa duen ontzia utzi eta biradera arrunt bati eraginez ontzi garbi bat eramaten dute.

Behin edukiontziko biltegia betetzen denean (174 litroko edukiera), enpresa-biltzailea erabilitako olioa duten ontziak jasotzeaz arduratzen da, eta ondoren bioerregai bihurtzeko tratatzeaz, horrela, makina bat alorretan erabiltzeko. Bioerregaien produktoreak landare-olio litro bakoitzeko gutxi gorabehera litro bat bioerregai ateratzeko gai dira.

Produktua industrializatzeko bidean

Sistema orain bi urte diseinatu zuten Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko sei ikaslek eta unibertsitateak berak eta Arrasateko udalak sustaturiko hiru urteko proiektu baten atala zen. Ikerketa-proiektu horren emaitza da sistema hori, eta hainbat euskal erakundek (aldundiak eta udalek) beren udalerrietan erabiltzeko eta horrela ingurumena zaintzen laguntzeko interesa azaldu dute. Momentu honetan, produktua industrializatzeko aukera aztertzen ari da, ondoren nazioartean merkaturatzeko.

BECen erakusgai

Birziklatze-sistema erakusgai dago BECeko (Bilbao Exhibition Center) Ingurumenaren eta Birziklatzearen azokan Mondragon Unibertsitateak eta Saiolanek duten standean, azaroaren 4a eta 7a bitartean. BECen izango den Garapen Iraunkorrari buruzko nazioarteko lehen azoka da GEO2. Azoka horrekin ingurumenaren eta energiaren arazoei irtenbidea aurkitu nahi zaie, eta iraunkortasunaren sustapenean gure ekarpena egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak