Etxe hutsak merkaturatzeko Bizigune programak gora egin du

Ubane Madera 2009ko mar. 27a, 12:31
Iaz, 13 etxebizitza merkaturatu zituzten Bizigune programarekin. Bada, udazkenetik hona dagoeneko hamar etxebizitza merkaturatu dituzte. Eta urte hasiera ere indartsua izan da, urtarriletik hona bost etxebizitza sartu dira-eta Bizigunen.

"Igartzen da etxeak ez direla saltzen, eta badago jendea aukera hau hartu duena: errentara jotzea, baina errenta segurura", azaldu du Nerea Lazpiurrek, Biziguneko Arrasateko Udaleko arduradunak.

Informazio eske, asko

Eta beste asko informazio eske ere joan da asteotan. "Asko etorri dira kontsultatzera", kontatu du udal teknikariak. "Denbora luzean etxea salgai izan eta ez dutela saltzerik lortu diote. Asko datoz etxe berria erosi dutelako eta zaharra saldu nahi dutelako; edo herentzia kontuengatik etxebizitza eskuratu dutelako. Beste batzuk, berriz, erretiratu eta jaioterrira bizi izatera doazelako".

Zelako maizterrak

Maizterren profilari dagokionez, berriz, Lazpiurrek dio gehienak gazteak direla, banakako eskatzaileak. "Eta poliki-poliki ikusten da atzerritarrak hasi direla baldintzak betetzen lan kontratu eta erroldari eta halakoei dagokienez, eta profil horretako jende dezente dago".

Arrasaten 44 daude

Badira bost urte Jaurlaritzak Bizigune programa Arrasaten abiarazi zuena. Ordutik hona, 44 etxebizitza merkaturatu dituzte, programak agintzen duen moduan bost urterako errentan. Orain, beraz, programaren bigarren fasean sartuta gaude; hau da, etxebizitzen errentak amaitzen diren fasean. "Dagoeneko esan dezakegu baja batzuk izan arren programaren hasierako gehienek errepikatu egin dutela", adierazi du udal teknikariak. 

Etxea eskuratzeko baldintzak

Bizigune Jaurlaritzak bideratutako ekimena denez, edozein herritarrek ezin du halako etxebizitza bat eskuratu: "Etxebideko zerrendetan izena emanda eta diru sarrera minimo eta maximo batzuk izan behar dituzte, alokairu soziala baino apurtxo bat txikiagoak direnak, eta gutxienez bi urte erroldatuta egon Erkidegoan", jakinarazi du Lazpiurrek.
Biziguneren bitartez hartzen den etxebizitza bost urterako da. Asko jota 660 euroko errenta izan dezake (gehi KPI),  "eta Arrasaten, Bizigune bultzatzeko, maizterrak ordaintzen du IBIaren %50; hori kontuan hartzekoa da.  Eta beste berme garrantzitsua da bost urteren bueltan etxea lehengo baldintza beretan ematen dutela", gehitu du udal teknikariak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak