Eneko Abasolo: "Iurretarrok ez dugu sekula aukerarik izan Maritxu Kajoira joateko eta pentsatu dugu guk egitea Maritxuren lehengusuaren eguna: Migeltxu Kajoi"

Ubane Madera 2010ko ira. 20a, 17:46
Halaxe azaldu du Eneko Abasolok, Iurretako jai batzordeko arduradunak euren ideiaren jatorria. Iurretako Sanmigelak izan ohi dira Maritxu Kajoi egunean eta horregatik ezin izaten dute Arrasatera etorri. Beti etortzeko harra izan dute eta horregatik sortu dute Migeltxu Kajoi. "Baina inork ez dezala pentsatu konpetentzia denik, ezta gutxiago ere, ez dadila inork txartzat hartu; beste jai osagarri bat da", hori ere gehitu gura izan du iurretarrak.

Prozesio eta guzti

Izan ere, egun berean izango dira Maritxu eta Migeltxu Kajoi: urriaren 1ean.
Iurretako kasuan, 19:00etan hasiko dute jaia: "Prozesioa eta guzti egingo dugu; iurretarrok ere oso zaleak gara prozesioak egiten, batez ere tabernaz taberna egiten ditugulako. 19:00ak inguruan hasiko dugu, txarangatxo batekin. Migeltxo Kajoi eramango dugu gure besoetan, aldarea edo zerbait ipiniko diogu –badabiltza prestatzen–; herri osoa zeharkatuko dugu jendeak ikus dezan; gero bera dagoen lekuan zerbait egingo zaio; eta ondoren erromeriaren txanda izango da. Lehenengo urtea da eta ea zela irteten den".

Eskapulario eta mirari barik

Esaterako, momentuz, ez dutena izango da eskapulariorik, eta Migeltxuk mirariren bat egingo duen ere ez dago oso argi: "Mirariren bat egitea ondo egongo litzateke; dena den, nahikoa mirari egiten du urtero, iurretarrok zuzen joaten gara-eta etxera jaietan, eta hori nahiko mirari da (barreak)… ikusiko dugu, ikusiko dugu…".

Hori bai, loreak eramango dizkiote iurretarren zaindariari, siemprevivak: "Lora hori da dantza egiten dugunean gainean daramaguna eta seguru Migeltxuk ere izango duela siemprevivarik", dio Abasolok.

Migeltxu, kanpandorrean

Maritxuk eta Migeltxuk ere badute beste antzekotasun bat: Arrasaten Maritxu bere kaxan sartuta dago, San Juan parrokiaren albo batean, Erdiko kalea eta Herriko plaza zaintzen.
Iurretan, berriz, kanpandorrean dute Migeltxu, baina hura ere herriko plaza zaintzen dago. Hori erakusten duen kopla eta guzti egin diote iurretarrek Migeltxuri. "San Migelek hiru irudi ditu: bata aldarean bertan, beste bat eliza barruan, eta hirugarrena kanpandorreko zulotxo batean, eta hura da guretako Migeltxu; kopla bera ere badauka: Hirugarrenak kanpandorretik begiratzen du plazara, Jaiak asko gustatzen zaizkio baina ez da joaten mezara… hori da Migeltxu Kajoi gurea".

Laudion ere bai

Eta ez bakarrik Bizkaian, Araban ere badu beste "imitatzaile" bat Maritxu Kajoik. Kasu honetan,  Laudion iaz antzeko egun bat ospatu zuten baserritarren egunean, Txinparta koadrilaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak