Emakume Txokoaren jarduna herri osoari zabaltzeko jaialdia etzi

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko eka. 8a, 12:15
Taldearen lana ezagutzera eman eta ikasturteari amaiera emateko ekitaldi berezia egingo du Emakume Txokoak eguenean Kulturaten, 19:00etan hasita. Lehenengoz antolatu dute jaia eta hamaika ikastaroetako ikasleak izango dira protagonistak.

2003an sortu zen, Udaleko Berdintasun Sailaren ekimenez, Emakume Txokoa; beharra zegoen emakumeendako topaleku bat sortzeko. Ordutik hainbat ikastaro eta tailer antolatu dituzte Uarkape atzealdeko eraikinean. Hor elkartzen dira, baina herrira begira ere antolatu izan dituzte hainbat ekitaldi.
Beti ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta emakumeen parte hartzea sendotzeko asmoz egin dute lan eta Esther Lizarralde Emakume Txokoko dinamizatzaileak jakinarazi duenez, emakumeen kopurua handitzen joan da urtez urte. Horrez gain, emakumeak eta emakume taldeak elkartzeko gune garrantzitsua bihurtu dela dio Lizarraldek. Bada, parte-hartze hori handitu nahian, jaialdia antolatu dute eguenerako, hilak 10.

Ikasturtearen amaiera
"Egunero Emakume Txokoan egiten duguna kalera atera gura dugu, hemen egiten duguna herritarrekin partekatu. Aitzakia izango da gurean elkartu beharrean Kulturaten elkartzeko", adierazi du Lizarraldek ekainaren 10eko jaiaren gainean. Helburua argi dago, beraz. Jaialdia kokatzeko Emakume Txokoaren sorrera eta filosofiari, ibilbideari eta azken ikasturteari errepasoa egingo diote, irudi eta guzti.
2009-2010 ikasturteari amaiera emateko balioko du jaialdiak. Eta ikasturte osoan zehar izan den moduan, amaiera ekitaldian ikasleak izango dira protagonista, eurek gidatuko dute-eta jaia: "Ez dugu edozein talde kontratatu eta ekitaldi soil bat egitea nahi izan, ikasleak izan behar dira jaialdiko protagonistak", adierazi du Emakume Txokoko dinamizatzaileak. Kulturateko areto nagusian egingo dute, 19:00etatik aurrera. Lizarraldek aurreratu du ez dela ekitaldi luzea izango.
Eta noski, ikusle barik jaialdiak ez du zentzurik. Hori horrela, Emakume Txokoak emakume arrasatearrak ez ezik, herritar guztiak gonbidatu ditu Kulturatera. Herritarrei egiten dutena erakutsi gura diete, eta zergatik egiten duten.
Azkenik, jaialdira hurbilduko direnei ondo pasatzeko gonbita egin die Lizarraldek. 

"Ikasleendako ez balitz, ez genuke egingo"

Esther Lizarraldek argi utzi du jaialdiko protagonistak ikasleak izango direla: "Ikasleendako ez balitz, ez genuke jaialdia egingo", dio.
Ikasturtean zehar egin dutena egueneko jaialdian islatuko dute. Hala, jendaurrean hitz egiteko ikastaroan parte hartu dutenek egingo dute aurkezpena, dantza ijitoen –zingaroen– ikastarokoek emanaldia egingo dute eta Jabetze Eskolako antzerki tailerrekoak saioa motz bat egingo dute, baita irrintzi tailerrekoek ere. Jaialdirako ikusgarriak diren ikastaroak aukeratu dituzte antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak