Ekitaldi hunkigarria EMUNen 10 urteak ospatzeko

Jon Berezibar 2007ko urr. 24a, 22:54
Arrasateko Amaia antzokian 700 lagundik gora elkartu da gaur kooperatibaren 10. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko. Urte guzti hauetan bidelagun izan diren bezero, behargin eta eragileekin. Omenaldi berezia jaso dute EMUNen ibilbide oparoan eskutik joan diren entitate bik: HUHEZI eta Fagor.

Amaia antzokia 10 urteetan EMUNek bidelagun izan dituen bezero, langile eta eragileekin bete da gaur. Aurpegi ezagun ugari ikusi ahal izan dira eta Julio Ibarra kazetariak zuzenduriko ekitaldian erakundeen ordezkariek hartu dute parte. Hauetaz gain, baina, ekitaldian ez dituzte ahaztu, hasiera hasieratik, EMUNen sorreratik aldamenean izan dituzten bi entitateak: Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Fagor kooperatiba.


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Ekitaldiarekin hasteko EMUNen historia laburbiltzen duen dokumental laburra eman dute eta ostean erakundeetako ordezkariena izan da hitza. Erakundeen ordezkariak Ekitaldian berba egiten lehena Arrasateko alkate Ino Galparsoro izan da. Alkate hautatu berria hasi da esanez beretzat 'pozgarria' dela lan mundua euskalduntzen erreferentea den enpresa Arrasaten sortutako kooperatiba bat izatea. Gehitu du, haren lan ibilbidean gertutik izan duela EMUNekin harremana eta EMUNekoak animatu ditu pertsonetan eta elkartasunezko parametroetan lanean jarraitzera.


P1013247.JPG

Galparsorok Patxi Baztarrikari luzatu dio lekukoa, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeari. Baztarrikak azpimarratu du eguneroko behar komunikatibo guztietara heldu behar dela euskara eta lan munduan komunikazio asko egiten direla gaur egun. Han euskararen presentzia 'hutsaren hurrengoa' dela azaldu du Baztarriak eta politikarien lana dela politikak bultzatzea euskara erabiltzeko aukerak egoteko. Enpresa eta euskararen munduak bertatik bertara ezagutzen dituena Jose Mari Aldekoa da, MCCko presidentea, eta hark hartu du hitza jarraian. 'MCCk asko jaso du EMUNetik, eta baita ere EMUNek MCCtik'; hala borobildu du korporazioko lehendakariak haren berbaldia. MCCren etorkizuneko abantaila moduan pertsonak ipini ditu hark, eta tartean euskara sartu du Aldekoak. Gipuzkoako Aldun Nagusi berriak itxi du ekitaldiaren lehen tartea eta, hark azaldu moduan, arreta eman dion datu batekin egin du. Markel Olanori nabarmentzekoa iruditu zaio EMUNen fakturazioaren %90 enpresa pribatuetan izatea eta, haren ustez, horrek erakusten du euskararekiko ardura 'gizarteratuta' dagoela eta ez dela 'erakunde publikoen lan moduan soilik ikusten'. 'Gipuzkoarik berritzaileenean' kokatu du EMUN kooperatiba. Omenaldia Unerik hunkigarrienak baina erakundeen ordezkarien berbaldiaren ostean etorri da, orduan egin dituzte-eta omenaldi bereziak. EMUNen sorreran eta garapenean entitateren batek presentzia izan badu, horiek HUHEZI eta Fagor izan dira. HUHEZIko garai hartako dekanoa eta oraingoa omendu dituzte, Jesus Garmendia eta Nekane Arratibel. Lehenari txapela eman diote eta bigarrenari makila. Fagorretik Juanjo Ansoategik, Fagorreko lehendakaria, eta Ezti Solanak, Fagor Etxetresnetako Euskara Koordinatzailea, egin dituzte ordezkari lanak eta haien hitzak izan dira Amaian antzokia irribarrea piztu dutenak.

P1013308.JPG

Ansoategiri txapela eman diotenean gogora ekarri du txapel berean buru bi kabitzen ez direla esaten duen euskal esaera. Bada, agertu du buru bi beharrean 9.000 sartuko direla txapela horren pean, hau da, Fagor taldeko langileak, eta haien izenean eman ditu eskerrak. Solanak, makila eskuan, esan du euskal beste esaera batek dioela arrazoi batek baino gehiago balio duela makila batek baina erabilera hori ez ziotela emango, makilari mendizaleek ematen diotena baizik, hau da, sasitza kendu eta malda gogorretan lagun izateko. Abesbatza berezia Ekitaldia borobiltzeko kantu eta antzerkiaren txanda etorri da. 'Eguneroko jira-biran' izeneko bertso antzerkia prestatu dute EMUNekoek eta enpresetako langileek eta txalo zaparradarekin bukatu da ospakizuna.


P1013332.JPG

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak