Egokitutako kirolaren udako II. campusa bihar

Ubane Madera 2007ko eka. 29a, 14:35
Zailtasunak dituzten pertsonekiko sentsibilizazioa landu gura dute, Iturripeko instalazioetan. Antolatzaileak, Minusbaliatuen Gipuzkoako Kirol Federazioak, herritar guztiak gonbidatu gura ditu

Minusbaliatuen Gipuzkoako Kirol Federazioak udako campusa edo jardunaldiak antolatu ditu biharko, zapatua, Arrasaten.
Iaz antolatu zuten ekimen bera lehenengo aldiz, Donostian. Bada, aurten Arrasaten egitea erabaki dute; Mikel Izagirrek federazioko presidenteak esandako moduan, "dibertsifikatzeko". 
Kutxaren eta Arrasateko Athlon kirol enpresaren laguntzarekin antolatuko dute ekimena.

Saskibaloi partidua

Iturripeko kiroldegian egingo dituzte egokitutako kirolaren gaineko jardunaldiak, goizez eta arratsaldez. Eta jardunaldiotan bi arlo berezituko dituzte: kirolak eta sentsibilizazio gunea.  
Goizean, 10:30erako egin dute hitzordua.
Bestelakoen artean, jokatuko dute saskibaloi partidua gurpildun aulkietan. Donostiako Bera-Bera taldeak eta Gasteizko Zuzenak taldeak erakustaldi partidua egingo dute, 12:00etan.
Dena den, minusbaliatuek egokitutako pilota, eslaloma, txirrindularitza, tenisa eta boccia   ere praktikatu ahal izango dituzte Iturripen. Hara joaten direnean zenbaki bana eman eta gura duten kirol guztietan ibili ahal izango dira. Gainera, bukaeran sariak zozkatuko dituzte parte-hartzaileen artean.

Sentsibilizazioa helburu

Eta kirolak praktikatu ahal izango dituzte ez bakarrik zailtasunak dituztenek; Iturripera doan edozeinek probatu ahal izango du han dagoenetik gura beste.
Izan ere, jardunaldion helburua da minusbaliatuekiko sentsibilizazioa lantzea. Eta sentsibilizazioa lantzeko biderik zuzenena da norbera zailtasunak dituen pertsonaren lekuan ipintzea.
Helburu hori abiapuntu moduan hartuta, gurpildun aulkiak hartu eta saskibaloian jokatzeaz gainera, Iturripeko kiroldegira doanak aukera izango du Arrasaterako ekarriko dituzten bizikleta berezi batzuk erabiltzeko; 20 bizikleta ekarriko dituzte, tamaina guztietakoak: "Badaude batzuk hiru gurpil dituztenak eta eskuekin gidatu behar direnak; beste batzuk hankekin gidatu behar dira eta beste batzuetan, triziklo moduko batzuetan zutik ibili behar da", dio federazioko presidenteak. 
Eta kirol aparailuak erabili barik sentsibilizazioa bestela ere landuko dute, minusbaliatuen eguneroko bizimodua zelakoa den erakusteko: "Adibidez, begiak benda batekin estali eta zirkuitu bat egin ahal izango dute bisitariek, itsuek izaten dituzten sentsazioak zelakoak diren ikusteko", dio Izagirrek. "Zerbait desberdina ikusiko du Iturripera datorren jendeak; bereziki hezigarria da gazteendako eta minusbaliatuekiko gertutasuna lantzeko balio du", gaineratu du.

Arratsaldekoa

Hori guztia egiten ibiliko dira 14:00ak arte. Gero, bazkarirako tartea utzi eta 16:00etan bueltatuko dira atzera ere Iturripera: "Jai txiki bat egingo dugu arratsaldean. Izango dira globoak, jolasak eta musika, eta down sindromea duen Bera-Bera taldeko gazte batek karate erakustaldia egingo du (17:00etan), besteak beste. Guztia bukatuko da 18:00ak inguruan".  

60 bat lagun Donostia aldetik

Jardunaldi horien helburua kontuan hartuta, Mikel Izagirrek dei berezia egin gura die herritarrei ekimenean parte hartzeko: "Ahalik eta inguruko herritar gehien gonbidatu gura ditugu"; hau da, minusbaliatuen guraso eta lagunez gainera, gonbidatu gura dute  gai horrekiko interesa duen edozein pertsona. Kontatu du euren aldetik –antolatzaileak eta kirol federatuak– 60 bat lagun etorriko direla Arrasatera.

Gipuzkoako federazioa

Izenak dioen moduan, biharko jardunaldien antolatzaileak, Minusbaliatuen Gipuzkoako Kirol Federazioak, batzen ditu zailtasunak dituzten pertsonek osatutako kirol taldeak: "Ezindu fisiko eta psikikoak, buruko paralisia dutenak, itsuak eta gorren klubak batzen ditu". Adibide moduan, Aspaceren Dordoka kluba, Atzegirena, Kemen… daude hor federatuta. Federazioko kirolari horiek jokatzen dituzte estatu eta nazioarte mailako lehiaketak, 13-65 urte bitarteko kirolariak dira. Orain dela lau urte sortu zen federazioa, Diputazioak bultzatuta. Donostian du egoitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak