Egoera larrian daudenei laneratzen laguntzeko udal programa: Auzolan

Ubane Madera 2009ko mai. 11a, 17:43
Arrasateko Udalak badu behar larriak dituzten pertsonei gizartean integratzen laguntzeko, edo bestela esanda, gizarteratzen laguntzeko programa: Auzolan. Auzolan programaren bitartez, Udalak ofizio bat erakusten die bazterketa arriskuan dauden hainbat laguni; aurten 16 lagunek parte hartzen dihardu.

Auzolanen bitartez ofizio bat erakusten diete bazterketa arriskuan dauden pertsonei. Hasierako formazioa eman eta sei hilabeteko kontratua egiten die Udalak. "Hasierako formazioan (bost bat egun) lantzen dutena da taldea osatu, arauak ikasi, horiek betetzearen garrantzia, talde dinamikak, eta beste. Bigarren zatian sartzen da sei hileko kontratazioa, egunean sei ordu. Eta hor barruan lantzen dute formazio orokorra gehi bakarkako eta taldeko tutoretzak", azaldu du Virginia Arriolak, Gizarte Ongizate Saileko udal teknikariak. 

Baso-lana eta lorezaintza

Auzolanen arduradunak kontatu du aurten, zortzi laguneko talde bat baso-lanak, lorezaintzarekin lotutakoak eta garbiketa lanak (lokalen garbiketak-eta) egiten ikasten dabilela. Martxoan hasi eta irailera arte segituko du talde horrek. Eta bestetik, zortzi laguneko beste talde bat ehungintza kontuak lantzen dabilela. 

Kontatu du, baita ere, Auzolan programaren laugarren edizioa dela aurtengoa, Arrasateko Udala 2005ean hasi zen-eta hori  lantzen, lau sailen koordinazioarekin: Pertsonal, Zerbitzuak, Ingurumen eta Ongizate Sailak.   

Jaurlaritzaren Gizarteko Zuzendaritzak bultzatutakoa da Auzolan; hori gauzatzeko Arrasateko Udalak dirulaguntza jasotzen du. Eta Udalak ere ekonomikoki laguntzen du, langileen segurantzako kostuak berari dagozkio-eta. "Gizarteratzeko prozesuan, laneratzea oso inportantea da, baina askotan parte hartzen duten pertsonek ez dute lanerako ohiturarik; hori da landu behar dena", zehaztu du udal langileak.  

Auzolan programako parte-hartzaileak zela aukeratzen dituzten ere azaldu du: "Egoera larrian daudenen diagnostikoa behar da; Jaurlaritzaren diagnostiko fitxarekin egiten dugu hautaketa", dio Arriolak, "oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak dira gehienak", gaineratu du.

Ez da enplegu zerbitzua

Azpimarratu du, baita ere, Auzolan programak emaitza oso onak eman dituela Arrasaten: "Sekula lan egin ez duten pertsonak dira; bat batean lan egin beharra dute eta gero lanean jarraitu". Azken batean, Auzolan programaren helburua da "pertsona horri erremintak eman bere kabuz gauza izan dadin lana topatzeko". 


Horrekin batera, udal teknikariak argi utzi gura izan du Gizarte Ongizate Saila ez dela enplegu zerbitzua: "Orain krisia dela eta ez dela, hasi da jendea lan eske etortzen eta hau ez da ez Lanbide eta ezta INEM ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak