Edadetuen sexologia aztergai liburu baten

Ubane Madera 2008ko ots. 18a, 10:35
Ximur xamurrak. Horixe da Udal Sexologia Zerbitzuak argitaratu duen liburu berriaren izenburua. Helburu jakin batzuekin argitaratu dute liburua: "Bi helburu ditu. Batetik edadetuen sexualitateari errekonozimendua ematea, existitzen dela eta sexualitatea daukagula bizitzako etapa denetan, baita edadetu garenean ere bai. Eta bestetik, gurako genuke jende edadetuarendako baliagarria izatea; eta behintzat irakurtzen badute, eskuratu eta komentatu edo sexualitatearen inguruan aitzakia horrekin berba egiten badute, guretako hori ja baliagarria da". Halaxe azaldu du Larraitz Arandok, liburuaren egileak eta Udal Sexologia Zerbitzuko arduradunak.

Ibarreko testigantzak

Liburu horretan, hiru pertsonaren lekukotasunak jaso dituzte, elkarrizketa bidez eginda dago eta bi zatitan bereiztu dute: alde batetik, kontatu dute pertsona horiek lehen zela bizi zuten sexualitatea eta bestetik, orain zela bizi duten. Horrez gainera, gomendio txiki batzuk ere azaltzen dituzte. Egileek uste dute, modu horretan, irakurle edadetuak identifikatuta sentituko direla irakurtzen dutenarekin: "Liburuan daude ibarreko hiru pertsonen testigantzak. 71, 60 eta 68 urteko pertsonak dira, bi emakumezko eta gizonezko bat. Eurek kontatzen dute euren bizitza normalean sexualitatearekin lotuta dauden euren esperientziak, bizipenak, kuriositateak… orduan uste dugu erraza izango dela edadetuek irakurtzea, eurendako gauza oso gertukoak edo antzerakoak izango dira-eta euren bizitzetan pasatzen direnak", azaldu du Sexologia Zerbitzuko arduradunak.

Era berean, kontatu du ez dela horren zaila izan lekuko horiek aurkitzea: "Nahiko jarrera ona erakutsi digute. Egia da edadetu batzuk berez gerturatzen direla Sexologia Zerbitzura eta hona etortzen diren neurrian ikusten da badutela interesa sexualitatearen inguruan, kanpoan errekonozitzen ez den interesa. Horregatik pentsatu genuen zerbait egin genezakeela hori errekonozitzeko eta eurendako erreminta bat sortzeko".  

Itxura zainduta

Larraitz Arandok azpimarratu gura izan du, baita ere, kontuan hartuta edadetuei zuzendutako ekimena dela, liburuaren itxura bereziki zaindu dutela eta hainbat aspektu kontutan hartu dituztela; adibidez, ohikoa baino letra handiagoarekin idatzitakoa da,  eta argazkiekin osatu dute. Eta hizkuntza kontuak ere zaindu dituzte, liburuari ahalik eta hedapen handiena eman ahal izateko, liburuaren jatorrizko hizkuntza euskara den arren, gaztelaniara ere itzuli dute-eta.

Doan eskura daiteke, gaurtik

Ximur xamurrak liburuaren 2.000 ale argitaratu dituzte oraingoz, "ikusten badugu bukatzen direla, eskatuko dugu gehiago", azaldu du Arandok.

Dagoeneko banatu dituzte Arrasaten dauden lau zaharren egoitzatan (Musakolakoan, Toki Argin, Uribarrin eta Abaroan) hango bazkideek gura badute irakur dezaten.

Horrez gainera, interesa duen beste edozein herritarrek, Biztanleen Arreta Zerbitzuan edo Sexologia Zerbitzuan bertan ere eskuratu ahal izango du, esandako moduan, doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak