Duela 45.000 urteko Cro-Magnongo gizakiak zeuden Labeko koban

Mirian Biteri 2010ko uzt. 12a, 12:38

Arrasateko Labeko koban aurkitutako hainbat material orain dela 45.000 urtekoa da. Kobazulo horretan indusketak egiten ibili zen Alvaro Arrizabalagak baieztatu du Oxford unibertsitateak laginketei egindako azterketen emaitzek diotela hori.

Azaldu du datazio berriek 10.000 urte egin dutela denboran atzera eta laguntzen dutela finkatzen benetako elkarbizitza egon zela azken Neanderthalgo gizakien eta lehenengo Cro-Magnongo gizakien artean, Europan. Proiektu horren harira, Frantzian, Alemanian eta Italian aztarnategi bakar batzuk daudela aipatu du, eta Espainian saioak egiten dabiltzala hamar bat tokitan. Arrizabalagaren arabera, "horietatik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe, Labekokoa. Laguntzen du finkatzen Cro-Magnongo gizakia nola, nondik eta zer abiaduran sartzen den Europan.  Orain arte topatu diren aztarna zaharrenak duela 35.000 urtekoak dira. Garrantzia handia du, eta datorren urteko apirilean Oxforden aurreikusita dago emaitzen horien gainean eztabaidatuko duen kongresua egitea".

indusketak

Arrasateko hiru gazte

1970eko hamarkadan hasi ziren Labeko koban indusketak egiten. 1971n, Arrasateko Xabier Azkoaga, Jose Maria Guridi eta Juan Carlos Mentxaka gazteak San Josepeko ingurunean zegoen koban sartu eta buztin puskak hartu zituzten. Hiena baten gorotz fosilizatuak ziren horiek. Kobazuloa miatzen ibili ziren eta zintzilikatuta zeuden hezurrak topatu zituzten, buztinezko tanpoi batean. Garai hartan, material paleontologikoa atera zuten handik; tartean, errinozeronte, bisoi, hiena eta zaldien hezurrak. Gaia aparkatuta geratu zen 1981era arte, Gipuzkoako aztarnategi arkeologikoak bildumatu eta horren gaineko lehen aipu "formala" sartu zuten arte.

Labeko koba

Saihesbidea erditik

1987an Arrasateko saihesbidearen proiektua ezagututa, Arrasateko Besaide espeleologia taldekoak Aranzadira joan ziren, obrek aztarnategia hartu behar zutela eta koban premiazko indusketak egin behar zirela esanez, hezurrak ateratzeko. Diputazioak hilabeteko epea eman zien arkeologoei, kobazuloa aztertzeko. Arrizabalagaren esanetan, "egundoko inausketa egin genuen eskuz, 100 bat metro kubiko atera genituen; dozena bat pertsona ibili ginen lanean, Oñatiko eta Arrasateko espeleologoak eta herritarrak. Egun gutxitan lehenengo harrizko tresnak agertu ziren".

Aurkikuntza horrekin aztarnategi paleontologikoa (faunarena) izatetik harantzago joan zen, eta lan egiteko metodologia aldatu behar izan zuten. Beste hilabeteko epea eskatu zuten, azterketa berriak egiteko. Arkeologoaren arabera, "oso aztarnategi garrantzitsua agertu zen, bakarra Kantauri aldean. Hortaz, aztarnategi osoa hustu behar zela esan genion Diputazioari".

Adituek nahi zuten saihesbidearen proiektua aldatzea eta Labeko koba suntsitu beharrean, ondoan tunela egitea eta indusketak apurka-apurka egiten joatea, ohikoa den moduan. Arrasateko Udala ere tunela egitearen aldekoa zen. Garai hartako alkate Xabier Zubizarretaren esanetan, "trazatua negoziatzen egon ginen. Tunela nahi genuen, batetik, kobaren existentziagatik eta bestetik, egungo trazatuak egindako suntsiketa saihesteko. Baina, ez genuen lortu Diputaziotik proiektuaren aldaketarik".

Labeko koba

Indusketei dagokionez, gainera, Diputazioak aste gutxitan nahi zituen egitea, laginketa baten araberako balorazio "arina" eginez eta gainerakoa suntsituz. Arrizabalagaren arabera, "tarteko" irtenbidea topatu zuten. Espeleologoendako kobaren edukia zen garrantzitsua eta Diputazioarendako kobazuloa ixtea. Azken horrek baimena eman zuen 1988 urte osoan zehar, koba barruan zegoen guztia berreskuratzeko.

Martxotik abendura bitartean ibili ziren han. Oso maila garrantzitsuak topatu zituzten, bereziki behealdean. Arrizabalagaren esanetan, "azkenean, metro erdiko aztarnategia izan beharrean, lau metroko sakonera zuen aztarnategia zen. Lagungarria izan zen Neanderthalgo gizakiak ia desagertuta daudenetik lehenengo Cro-Magnongo gizakiak agertzen diren garai horrena". 

Azterketa egiterakoan, materiala datatzeko arazoak zituzten eta Aranzadikoek konforme geratu ez zirenez, orain dela 3 urte Oxfordeko laborategiak material horrekin metodologia berria probatzeko eskaera egin zien. Ez zuten larregi pentsatu. "Oso metodologia zorrotza eta garestia da eta datazio berriak oso fidagarriak dira. Ez dauka atzera bueltarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak