Domekan denok gonbidatuta ekitaldiz lepo datorren AEDren jaira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko eka. 12a, 13:54
2008an AEDk 25 urte bete zituen eta hainbat ekitaldi egin zituzten urteurrena ospatzeko. Bada, domekan, 25. urteurreneko ospakizun ekitaldi horiei amaiera emateko jai berezia antolatu du euskara elkarte aitzindariak. Adin guztiendako eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte domekarako; guztiak izango dira Biteri plazan eta bazkaria ezik, doakoak izango dira. Izan ere, 300 lagunendako lekua izango duen bazkaria izango da ekitaldi nagusia, txartelak salgai daude zortzi eurotan Monte, Kajoi eta Irati tabernetan, eta AEDn.

Urte berezia bizi izan zuen iaz AEDk. Gogoratzeko moduko urtea izan zen, zalantza barik. Denok dugu gogoan, adibidez, abenduan nola jaso zuen Ukan saria euskara elkarte aitzindariak.
2008an AEDk 25 urte bete zituen eta hainbat ekitaldi egin zituzten urteurrena ospatzeko. Amaia antzokiaren atarian egindako aurkezpenaren ondoren, omenaldi hunkigarri eta arrakastatsua, hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko jardunaldiak eta hitzaldi ziklo interesgarri batzuk egin zituzten, besteak beste. Azken hitzaldi ziklo horietan euskararen geroa aztertu zuten, eta baita etorkizunerako baliagarriak izan daitezkeen ondorioak atera ere.

Etorkinei protagonismoa
Bada, domekan, 25. urteurreneko ospakizun ekitaldi horiei amaiera emateko jai berezia antolatu du euskara elkarte aitzindariak. Festa Denok Elkarrekin deitu dute, apropos aukeratutako izena. Izan ere, AEDk herritar guztiak gonbidatu gura ditu jaialdira; euskaldunak eta euskaraz ez dakitenak. Hortaz, etorkinek protagonismo berezia izatea gura dute, izan ere, antolatzaileen ustez etorkinek zeresan handia daukate herriaren euskalduntze prozesuan. Eta baita alderantziz ere: euskaldunok ere etorkinen herria ezagutu behar dugula uste dute. Horren harira, munduko jaki ezberdinak jarriko dituzte dastatzeko, ekimen sinboliko moduan.
   
Bazkaria, osagai nagusia
Adin guztiendako denetariko ekitaldien lekuko izango da Biteri plaza. Hala ere, herri bazkaria izango da egunaren ardatza. Ondo azaldu du horren arrazoia Jon Azkoaga AEDko teknikari eta jaialdiaren antolatzaileak: "Egitaraua bazkarian zentratu dugu, egunaren erdian dagoelako. Gainera, goizean zein arratsaldean izango dira ekintzak, eta jendea batzeko, zer hobeto bazkari bat egitea baino".
300 lagunendako paella erraldoia egingo dute Biteri plazan bertan. Txartelak Monte, Kajoi eta Irati tabernetan, eta AEDren egoitzan daude salgai, zortzi eurotan. Eta nola ez, bazkarian zehar eta bazkalostean, kantua izango da protagonista. Horretaz arduratuko dira Kantujira taldekoak eta bertsolariak. Izan ere, Aitor Mendiluze, Erika Langoma, Jon Maia eta Xabier Silveira etorriko dira, Unai Elizasu izango delarik gai jartzailea. AEDk, beraz, bere historian gorriz agertuko den eguna bizi izango du domekan.

 

Elkarrizketa

: Jon Azkoaga > Antolatzailea


"Lan handiena euskaldunona da, hor dago gure etorkizuneko erronka"

 

Jon Azkoaga (Arrasate, 1985) da Denok Elkarrekin jaiaren antolatzaileetako bat. Hala bataiatu dute festa, denondako jaia izatea gura dutelako, Azkoagak dioen moduan, "etorkinak ere gure herria direlako".

 

Denok Elkarrekin aukeratu duzue lelo. Zergatik?

 

Arrasate herri zabala eta anitza da. AEDk Arrasate euskaldundu gura du eta euskalduntze hori denon artean egin behar dugu. Hori bai, ezin dugu ukatu lan handiena euskaldunona dela, hor dago gure etorkizuneko erronka. Hala ere denok elkarrekin egin behar dugunez, euskaraz ez dakitenengana ere heldu gura dugu.

 

Denondako jaia dela esan gura duzu.

 

Azken finean, Denok Elkarrekin jaiaren helburuetako bat etorkinei protagonismoa ematea da. Gure herriko biztanleak direla ulertu behar dugu, etorkinak ere gure herria direlako. Gure herria zer den erakutsi behar diegu eta eurek euren herria zer den erakutsi behar digute. Horregatik antolatu dugu domekan munduko jaki ezberdinen dastaketa ekitaldia, esaterako.

 

Horretaz gain, AEDk beste behin ere kalean presentzia izan dezan balioko du, ezta?

 

AEDk bere elkarte izaera kalean errotuta izan beharra dauka, eta horretarako aukera paregabea da domekako jaia. Bestalde, jaiak herriari zerbait eskaintzea ere badu helburu, eta horretarako adin guztiendako denetariko ekintzak antolatu ditugu. 

 

Jaia antolatzeko hainbat elkarteren babesa jaso duzue. Nola baloratzen duzue laguntza hori?

 

Oso eskertzekoa da jendearen erantzuna. Oraindik ere lagundu gura duenak zabalik ditu AEDko ateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak