Desfibriladorea zela erabili ikasten dihardute Arrasateko udal langileek

Edu Mendibil 2009ko ots. 6a, 11:25
Desfibriladore automatikoa erabiltzen ikasteko saio praktikoak egin dituzte oraingo astean Arrasateko Udaleko hainbat langilek. Joan den abenduan ekin zieten lehen saioei eta martitzenean eta eguaztenean zortzi orduko saio bana egin dute beste 16 lagunek, bi taldetan banatuta. Udaltzainak nagusi ziren martitzeneko saioan eta Udalean Ezker Batuko zinegotzi den Ander Rodriguez ere partaideen artean zegoen.

Juan Carlos Marcos Udaleko Laneko Arriskuen prebentzio teknikariak zera azaldu digu: "Gero eta ohikoagoa da langile edo jende asko batzen den tokietan desfibriladoreak egotea. Eta normala da, azken baten arrisku egoerak gainditzeko ezinbesteko tresna delako gaur egun. Aspaldian kezka hori geneukan eta Arrasateko Udala bihotz-babesdun tokia izan behar zela erabaki genuen. Hain zuzen, hortik dator formazioa eman eta hainbat desfibriladore erosteko erabakia". Prezioari dagokionez, 1.700 eta 3.200 euro bitartean balio dute horrelako aparailuek. Aurrerantzean, ikastaro gehiago egingo dituzte, ahalik eta langile gehiagorengana iristeko.

Desfibriladorea, zabalduz

Elkarte zientifikoek eta medikuek gomendatuta, horrelako aparailuak jende asko biltzen den toki publikoetan jartzen dihardute aspaldian: zentro ofizialetan, aireportuetan, tren geltokietan, estadioetan, ikastetxeetan, enpresetan, azalera handietan, eta abar. Gurean poliki-poliki doa zabaltzen desfibriladorearen erabilera, astiroegi agian. Dena dela, sentsibilizazioa gero eta handiagoa da gai honekiko. Normala, kasu askotan bizitza jokoan dagoela kontuan izanda. Heriotza saihestu daiteke kasu askotan, denboraz neurri egokiak hartuta.

Bihotz eta arnas gelditzeak

Bihotz eta arnas gelditze baten kasuan desfibriladorea nola erabili behar den azaldu diete Arrasateko udal langileei Debagoieneko Gurutze Gorriko kideek. Kulturaten egin dituzten saio hauetan parte hartu dutenek hiru urtetik behin izango dute ikasitakoa gogora ekartzeko konpromisoa, lau orduko saio bat eginez. "Erabilerari dagokionez, desfibriladoreak ez dauka inolako misteriorik. Hiru botoi baino ez ditu eta horrez gain birikak eta bihotza berpizteko teknikak ere ezagutzea komeni da. Bihotzak ez duenean odola behar bezala ponpatzen, deskarga elektriko batzuen bitartez, bihotzak bere ohiko erritmoa berreskuratzea da helburua", diosku Laneko Arriskuen Udal Prebentzio teknikariak. 

Hil ala biziko minutuak

Desfibriladoreen garrantzia ez du inork zalantzan jartzen. Juan Carlos Marcosek azpimarratzen duenez, "minutu bakoitza hil ala bizikoa izaten da zenbaitetan. Bizkor ibiltzea ezinbestekoa da eta kontuan izan anbulantzia, gehienetan, istripua gertatu eta handik 12-14 minutura heltzen dela. Gauzak horrela, aurreneko minutuek sekulako garrantzia daukate eta gaixoaren inguruan dagoen jendea ondo gertatuta baldin badago eta eskura material egokia badu, askoz hobe".

Adituen arabera, berpizteko aukerarik izatekotan, saiakera 10 minutu igaro aurretik egin behar da: pasatzen den minutu bakoitzean bizirik irauteko aukeren %10 suntsitzen da. Horregatik, une hori igaro ahala pertsona suspertzeko aukera urrunduz doa. Egokiena, lau minutu bete aurretik desfibrilatzea litzateke, hortik aurrera buruko kalteak edo neurologikoak sufritzeko aukerak biderkatu egiten direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak