Buzkantza-jana, Garagartzako San Migeletako bereizgarri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ira. 24a, 15:01

Heltzear dira San Migelak Arrasateko Garagartza auzora. Eta jaiekin batera buzkantza usaina dator. Izan ere jaien bereizgarri den buzkantza-jana izango da egubakoitzean eta zapatuan, auzoetxean, 19:00etatik aurrera. Aspaldiko ohitura dira buzkantzak Garagartzako jaietan, eta garai berrietara egokitu behar izan diren arren, jende asko erakartzen dute oraindik ere.

Urteroko zita da askorendako Garagartzako San Migeletako buzkantza-jana. Bertako bereizgarri dira, eta horien aurretik ardikiak jaten baziren ere, betidanik izan dira ospetsuak. Bittor Etxagibel auzo alkate ohiak arrazoia azaldu digu: "esaera batek dio San Migeletarako egiten diren buzkantza guztiak onak direla, San Migelek bedeinkatzen dituelako".
Lehen, aspaldi, jakiok auzoko tabernek saltzen zituzten, eta irabazitakoaren zati bat jaiak musikaz alaitzen zituztenendako zuzentzen zen. Gero, auzo elkartea zabaldu eta tabernak itxi zirenean ohiturari eusteko Arrasatera jo zuten auzotarrek. Hala, Etxagibel lagun zuen Manuel Agirreurreta harakinarekin elkartu zen. Ordutik, eta dagoeneko badira 36 urte, San Migeletan ez da buzkantzik falta izan: "hasieran ardi bat edo biren odola erabiltzen zen, baina urtez urte indar handiagoa hartzen joan da", dio Etxagibelek. Hain da handia Garagartzako buzkantzek hartu duten indarra, azken urteetan Agirreurretarendako ezinezkoa izan dela buzkantzak bakarrik prestatzea. Urte dezente dira Jose Ramon Otamendirekin erdi bana prestatzen dituela.

Lana eta pazientzia
Agirreurretak dioenez, "buzkantzak egitea ez da zaila, baina lan eta denbora asko eskatzen du". Aurten 300 kilo prestatu dituzte Agirreurreta eta Otamendik. Hala ere, Agirreurretak azken urteetan kontua lasaitu dela dio. Izan ere, gogoratzen duenez, "izan dira urteak bion artean ia 1000 kilora heldu garela".

Ardi odola, debekatuta
Buzkantzen tradizioa ere garai berrietara egokitu behar izan da. Egun ezin da ardi odola erabili, osasun arrazoiak direla-eta. Gainera, oso zaila litzateke hainbeste ardi odol lortzea. Hortaz, buzkantzak txerri odolaz egiten dira egun. Etxagibelek dioenez, "lehen esaten zen ardi odolaz egindakoak hobeak zirela, baina ia barazki barik egiten ziren; egungoak goxoagoak dira". Garaiak aldatu dira, buzkantzak ere bai.

300 kilo buzkantza

Aurten 300 kilo buzkantza prestatu dituzte Agirre Etxe eta Otamendi harategiek Garagartzarako; beste horrenbeste prestatu dute euren harategietarako. Urte batzuetan guztira –jaietarako zein bi harategietarako– 1.000 kilo egitera heldu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak