Biteri plazaren parte-hartze egitasmoaren bigarren bilera, uztailaren 7an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 3a, 22:15

Udalak Aldundiaren laguntzaz abiarazitako Biteri plazaren erabilera funtzionala areagotzeko parte-hartze proiektua aurrera doa, martitzenean proiektuaren bigarren bilera egingo dute Udaleko pleno aretoan, 19:00etan. Lehen bileraren dinamikari eustea da helburua, orduko ekarpenak laburtu eta horiek aztertzea, Sidecor aholkularitza enpresaren babes eta oniritziarekin.

Azken urteotan behar den moduko erabilera izan ez duen arren, herritarrendako gune garrantzitsua da Biteri plaza, arrasatearrak ez dira herriko txoko horretaz ahaztu. Hala, hainbat dira plaza nola geratu den batere gustuko ez dutenak; batek baino gehiagok Biteriko gasolindegia deitzen dio.
Bada, Biteri plazarekin herritarrek izan dute aukera euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak –Kudeatuz programaren barruan– aukeratutako Siadeco aholkularitza enpresaren laguntzaz martxan jarri zuen plazaren erabilera funtzionala areagotzeko proiektuari esker.  Lehen bilera maiatzaren 26an egin zen. 

Lehen bilera, arrakastatsua
Lehen bileraren parte-hartzea, Udalak jakinarazi duenez, "nahiko altua izan zen. 40 herritar inguruk hartu zuten parte eta oso positiboki baloratzen dugu, bai asistentzia eta baita herritarren ekarpen eta gogoetak ere; oso ariketa interesgarria izan zen".
Lehen saio hartan elkarte moduan  zein gaiak interesatuta norbanako moduan aurkeztu zirenak izan ziren. Orduan plaza historikoki zer izan zen gogoratu eta gaur egun duen funtzionamendua aztertu zuten. Eta gaur egungo egoeraren  balorazioa egin ostean, herritarrek euren proposamena –bai funtzionalak zein teknikoak– egin zituzten.

Martitzenean, ondorioak estutu
Martitzenean, uztailak 7, egingo da bigarren bilera, Udaleko pleno aretoan (19:00). Udalak iragarri duenez, lehen bilerako ekarpenak laburtu eta ekarpenon inguruan euren iritzia edo, jakinarazi dutenez, "esateko duguna" mahai gaineratuko da bigarren saioan. Hala, ekarpen eta ondorioetan estutzen joatea izango da joera, beti ere Siadeco aholkularitza enpresaren babes eta oniritziarekin.

Parte-hartzea bultzatuz
Proiektu berritzailea da Arrasaten Biteri plazaren parte-hartze egitasmoa. Bada, Udalak adierazi duenez, "parte-hartzea orokorrean gauzatu behar den kontua da, eta horretarako modurik onena herritarren –pertsona nahiz erakunde– eta Udalaren arteko komunikazioa da; berba egin, baina batez ere entzun". Azkenik, Udalak uste du parte-hartzea ez dela metodo isolatu bat izan behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak