Biteri goraipatuko du berriz ere udalak, haren heriotzaren 100. urteurrenean

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abe. 14a, 19:28
Pedro Biteri filantropoa hil zela 100 urte betetzen dira aurten; urteurren horrekin batera, gainera, haren jaiotzaren 175. urteurrena ere bada aurten. Urtean zehar haren irudiari gorazarre egiteko eta Biteri gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egin dituzte, eta asteon ere, Arrasateko udalak, Pedro Biteri gogora ekartzeko hitzaldi zikloa antolatu du.

Hala, Kulturateko areto nagusia, Biteri goraipatzeko gune bilakatuko da; hiru hitzaldi izango dira guztira, eta horietan, Pedro Biterik Arrasateko herriari egindako ekarpena aztertuko da ikuspegi askotatik; arkitektura, hezkuntza eta kalkulu mentala izango dira hizlariek jorratuko dituzten gaiak.

Hitzaldiak, 19:00ean
Arratsaldeko zazpietan izango dira hitzaldiak, kulturateko areto nagusian.
Bihar, hilak 16, Ana Isabel Ugaldek, Artearen Historian lizentziatuak, Don Pedro de Viteri y la modernización de Mondragón izenburupean hitzaldia egingo du. Euskal Herriko Unibertsitateko letren fakultateko eta Arizmendiko irakaslea da Ugalde, eta hiru zatitan egituratuko du hitzaldia: "lehen zatian, Pedro Biteriren biografia azalduko dut, eta datu berriak ere emango ditut gainera, ikertzen aritu naiz eta pasarte berriak aurkitu ditut" dio Ugaldek. Bigarren zatian, Biteri eskolek Arrasateri egindako ekarpena izango du hizpide eta hirugarrenean, Biterik munduan barrena ikusi eta Arrasatera ekarritako beste modernitate batzuk azalduko ditut. Arrasateko Biteri eskola (1902), irakaskuntzarako propio egindako lehen eraikina izan zen, zeregin horretarako atondua izan zen lehen eraikina, alegia.

Etzi, ordu berean, Juan Ramon Garai historialariak, Teresa Garcia eta Felix Arano, maisu maistra ezin hobeak hitzaldia eskainiko du. Haren jarduna, Biteri eskoletako irakasleen gainekoa izango da. "Maisu maistra aurrerakoiak ziren, naturarekin konprometituak; esango nuke oraingo ekologistak zirela. Ikasketa metodo berri eta aurrerakoiak ere erabili zituzten, besteak beste, zigorraren ordez, parte hartzea bultzatzen zuten" dio Juan Ramon Garaik.

Eguenean, Alberto Coto asturiarraren abileziaz txundituta gelditzeko aukera egongo da. Coto, munduko txapelduna da kalkulu mentalean. Biteri eskoletan,  etorkizunean lanerako baliagarriak ziren hainbat ikasgai irakasten ziren eta horien artean zegoen kalkulu mentala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak