1910ean sortu zen kluba –mendeurrena bizitzen ari da aurten, beraz–, portu ondoan kokatutako auzo txiki eta langile batean. Auzo umila, ikasle eta etorkinez josia, 1980ko hamarkadan Alemaniako mugimendu alternatiboaren ikur bihurtu zen auzoa, Hafenstrasse deritzon okupazio mugimenduaren ildotik. Hala, futbol taldeak berak estatutuetan jaso zituen orduan defendatzen zituzten ideiak: faxismo, arrazakeria, sexismo eta homofobiaren aurka altxatu ziren. Egun, esaterako, klubak garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleek ur edangarria izateko proiektuak laguntzen ditu.
Futbolean emaitzek agintzen dutela esan ohi da. Bada, horretan ere salbuespena da St. Pauli. Beste Bat! lagunarteko kide eta Alemanian jaio baina Arrasaten bizi den Dirk Morenweiser-ek dioenez, St. Pauli klubeko garrantzitsuena kirol arrakasta balitz, ez legoke talderik: "Hirugarren Mailan jokatzen zutenean ere 12.000 zale izaten zen etxeko partidu bakoitzeko, maila horretako bataz bestekoa 200 zale direnean". Galdu zein irabazi, giro "bakarra" izaten da Millerntor estadioan, Morensweiser-ek dioenez: "Eta mendeurrenean igotzea lortu dutela jakinda, Bundelisga abordatuko dute, ziur!".
300 lagunarte mundu osoan
Bestalde, Hanburgoko taldeak jaso duen babesak ez du mugarik. Taldeko zaleek, underground kulturak eta klubaren filosofiak mundu osoan sortu ditu jarraitzaileak. Hala, egun ia 300 lagunarte daude mundu osoan eta goi mailako hamaika musikari igo dira Elba ibaiko piraten ontzira: Bad Religion, Turbonegro, Asian Dub Foundation...
'St. Pauli jaia', taldea ezagutzera emateko
Beste bat! dute izen, musika munduan oso famatua den esaera. Egun 40 bazkide inguru dira eta gehienak arrasatearrak izan arren, Bizkaia, Nafarroa, Irlanda eta Alemaniako kideak ere badaude. Euren asmoa da urtean behin St. Pauliren fenomenoa bertatik bertara ezagutzea. Zapatuan, hasteko, jai berezia egingo dute gaztetxean taldea ezagutzera emateko: punk rockak eta garagardoak bat egingo dute beste behin.