Azken urtebetean ia 200 bizilagun galdu ditu Arrasateko udalerriak

Ubane Madera 2008ko urt. 11a, 12:40
Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken datuen arabera, oro har, zazpi urteotan, Gipuzkoak aldaketa izan du biztanle kopuruan: 2000n baino 15.000 biztanle gehiago bizi dira. Baina igoera ez da herri guztietan gertatu. Hain justu ere, Arrasate da estatistika horren barruan salbuespenetako bat: 2006arekin alderatuta, 196 bizilagun gutxiago dago.

Ekonomia

Arrasateko Udalean egin dute egoeraren gaineko hasierako azterketa, eta hainbat arrazoi aurkitu dituzte bizilagunen jaitsiera esplikatzeko. Ino Galparsoro alkateak aditzera emandakoaren arabera, "azken urteotako arrazoi berak" dira, eta horietako gehienak ekonomia kontuekin daude lotuta: "Arrasaten jende dezente dago bigarren etxebizitza erosten duena, eta desgrabazio fiskalak direla medio, etxe hori erosi duten lekuan erroldatzen dira".

Etxebizitzekin lotuta, baina, beste muturrean dauden bizilagunak ere badira, alkatearen ustez: "Inguruan edo ez oso urruti egon daitezke etxebizitza batzuk ez horren garestiak, eta beste batzuk  horregatik joaten dira kanpora".

Baina, etxebizitza arrazoiez gainera, badira beste batzuk Arrasatetik alde egiteko: ikasketak, erretiroa eta lana, adibidez: "Bere garaian beste herri batzuetatik lanera etorritakoak, erretiratzen diren heinean, jaioterrira bueltatu edo, behintzat, etxebizitza han dutenez, han erroldatzen dira batzuk. Eta gazte batzuk, kanpoan ikasten dutelako eta bekak edo dirulaguntzak direla medio, baita ere kanpoan erroldatzen dira. Eta badago laugarren multzo bat-edo: atzerritarrak. Hona etorri, beste leku batera joan… lanaren arabera ibiltzen dira".

Tendentzia "kezkagarria"

Datuok esku artean, bizilagun kopuruaren jaitsiera "kezkagarria" den arren, errelitatearen benetako isla ez dela uste du alkateak: "Tendentzia moduan, kezkagarria da, baina pentsatzen dut ez duela islatzen errealitatea. Hemen agertzen bada Arrasaten 22.116 pertsona bizi garela, nik uste dut gehiago bizi garela. Baina erroldaren tendentzia beherantz joateak kezkatu egiten gaitu. Ez da gure bokazioa geroz eta biztanle gutxiagoko herria izatea".

Edozelan ere, urteotan ez dute lortu beheranzko tendentzia horri buelta ematea. Alkatearen ustez, "lagunduko luke norbera lanean eta bizi edo denbora luzeen pasatzen duen lekuan erroldatzeak, ez balu ekarriko diru galerarik eta horregatik kanpoan erroldatu beharrik ez balitz egongo".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak