Atxabalpe itxi zenetik urtebete pasa denean, etxeak jasotzeko zain oraindik

Arritxu Barruso 2008ko ira. 15a, 12:59
Urtebete pasatxo da Arrasateko Atxabalpe futbol zelaia itxi zutela eta azken hilabete hauetan belarrak majo egin du gora. Futbol arratsalde politak eskaini zituen sasoi batean Arrasateko futbol zelai nagusia izan zenak. Mondra futbol taldearen etxea izan zen 19 urtez. Arrasateko errugbi taldeak ere, Garagartzako zelaian jokatzen zuen arren, Atxabalpeko aldagelak erabiltzen zituen. Nazioarteko zazpinako errugbi txapelketa ere urteroko hitzordua izan ohi zen Atxabalpen.

Urtebete itxita

2006/2007 denboraldian itxi zituen bere ateak Garagartza auzoko futbol zelaiak eta ekainean jolastu zen azkeneko jardunaldia. Harrezkero Mojategiko kirol instalazio berrietan jolasten eta entrenatzen dute, bai Mondrak, eta baita errugbi taldeak ere.
Itxita daraman hilabete hauetan guztietan, baina, behin baino gehiagotan erabili izan dute Mondrako partiduak jokatzeko ez bazen ere. Garagartzako auzotarrek egin dute bertan partiduren bat edo beste, eta Auzolan programakoek ere erabili izan dituzte Atxabalpeko aldagelak.

Sega erakustaldia

Zelaian belarra gora zihoala ere aprobetxatu zuten baten batzuek. Hain justu 2007ko uztailean sega erakustaldi antolatu zuten Atxabalpen Gesalibarko auzo batzordeak eta Almitza Sega Elkarteak. Ikuskizun polita izan zen hura; Euskadi mailako punta-puntako segalariak fin jardun zuten-eta hilabete pasatxoan moztu barik zegoen Atxabalpeko belarra mozten.

Etxebizitzak egingo dituzte

Dena dela Atxabalperen etorkizuna zehaztuta eta erabakita dago dagoeneko. Izan ere, Arrasateko Udalaren Egitamu Orokorrean jasotzen da futbol zelaia dagoen lursailetan etxebizitzak egingo direla. Are gehiago, horietatik %50 tasatuak izango dira. Errugbi zelaiarekin ere gauza bera egitea aurreikusten dute.

Dena dela, oraindik ezin zaio egutegirik finkatu proiektu horiei. Udaletik azaldu dute asmoek bere horretan jarraitzen duten arren, oraindik ez dutela proiektu hori esku artean hartu. "Proiektuak bere horretan jarraitzen du, eta gure asmoa da zonalde horretan etxebizitzak egitea. Baina, etxebizitza kontuetan beste lan batzuekin buru-belarri gabiltza orain. Esaterako, Zerrajera atzealdeko etxebizitzekin. Atxabalperi ere iritsiko zaio bere momentua. Egitamu Orokorrean gauza eta proiektu asko kontenplatzen dira, baina, ezin dira guztiak batera martxan ipini. Baina, esan bezala, proiektuak eta asmoek bere horretan jarraitzen dute" azaldu du Arrasateko alkate Ino Galparsorok.
Kontuak kontu, belarrak gora egiten jarraitzen du. Etxebizitzak egiten hasi aurretik, beste sega erakustaldi bat egiteko aprobetxatzea ez legoke gaizki. Azkenekoz belarra motz xamar zegoela esan zuten partaideek-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak