Aprendizen Eskola itxi egin dute, baina ez dago jaustear

Ubane Madera 2007ko urr. 15a, 11:17
Joan den egueneko Hirigintza Batzordean jakin zuten Aprendizen Eskolaren egoera "oso eskasa" dela. Hala jakinarazi dio 'Asteleheneko Goienkaria'-ri Ino Galparsoro alkateak. Edozelan ere, gaineratu du "jausteko arriskurik ez" duela, "okerren dagoen lekua habetuta dagoelako".

Egoera horren aurrean, eraikinaren etorkizunaren gainean galdetuta, alkateak dio Aprendizen Eskola "berreskuratu gura bada, interbentzio serioa" egin beharko litzatekeela. Beraz, "ikusi" egin beharko dutela "zein aukera" duten leku horretarako.  Gehitu du, gainera, Aprendizen Eskola ez dela Arrasateko Udalarena, SPRIrena baizik.

Urtea amaitzen denerako, Aprendizen Eskolaren etorkizuna zein izango den erabakiko dutela dio alkateak.

Musika etxe berria

Alkateak dio Arrasateko Udalaren apustu argiena herrirako Musika Etxe berria egitea dela. Baina, Musika Etxea egiteko lekurik aproposena zein den erabaki barik du Udalak.

Azken legealdiko proposamena Saiolanen egitea zen, baina hori ondo aztertu behar dutela dio Galparsorok: "Eraikinaren gaineko hainbat gauza argitu behar ditugu; han dirua sartu baino lehen, ondo ikusi behar dugu egoera zein den". Adibide moduan, alkateak nabarmendu du eraikin hura errekaren gainean dagoela, eta hori, gaur egun, legez kontrakoa dela. 

Oporretatik bueltan

Aprendizen Eskolari dagokionez, oporretatik bueltan erakutsi zuen benetan egoera eskasean dagoela. Orduantxe piztu zen alarma, hezetasunak eraginda, lehen solairuko komunetan arrakalak azaldu zirenean eta zorua hondoratu egin zenean.

Eraikinaren erabiltzaileek (Arrasate Musikal, zarzuelako kideak eta josten ikasten dabiltzanak) behin-behinerako utzi egin behar izan zuten hura, eta herriko bestelako leku batzuetara aldatu behar izan dira, Monterron jauregira, adibidez.

Aprendizen Eskola 1939an eraiki zuten, Union Cerrajeraren babespean, Industri Maisutzaren gaineko ikasketetarako. 1943an, Jose Maria Arizmendiarrietak Eskola Profesionala sortu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak