Antzinako Arrasate azoka maiatzaren 30 eta 31n izango da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mai. 7a, 15:24
Erdi Aroko azoka izenarekin hasieran eta Antzinako Arrasate moduan egun, Arrasatek maiatzaren 30 eta 31n dauka aurten erdi aroarekin hitzordua. Herriko alde zaharra garai hartaz jantziko da aste bukaeran zehar, urtero arrakastatsua izaten den ekimenean.

Arrasatek Erdi Arora egingo du salto maiatzaren 30 eta 31n. Azken xehetasunak hurrengo tokiko batzarrean zehaztuko dira eta berritasunen artean, artilea nola lantzen den bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Hortaz oraindik ez dago dena lotuta. Udaleko Kultura sailak jakinarazi duenez, datorren asteleheneko –hilak 12– tokiko batzarrean zehaztuko dira oraindik zehazteke dauden ekitaldi eta bestelakoak.


Naparbideak bidelagun
Azken urteotan Arrasateko  Udalak Naparbideak kooperatiba nafarrarekin batera antolatu du Antzinako Arrasate azoka. Aurten ere batera egingo dute lan aste bukaera berezi horretan dena ondo irten dadin.

Herriko parte hartzeak, gora
Herriko alde zaharra erdi aroan girotzeak arrakasta izan zuen hasieratik arrasatearrengan. Hala ere, akats garrantzitsu bat izan zuen ekimenak; Arrasatekiko eta Euskal Herriarekiko lotura falta, hain zuzen. Hala, Udala akatsa konpontzen saiatu izan da azken urteotan. Eta helburua bete dute, neurri handi baten behintzat. Izan ere, aurten adibidez, inoiz baino herriko elkarte gehiagok hartuko dute parte.
Udaleko Kultura sailaren arabera, iaz dantza eta txistulari taldeek ez zuten parte hartu, "denbora faltagatik". Aurten, baina, biek hartuko dute esku. Horiez gain, Portaloia elkarteak, Doke taldeak eta trikitixa taldeak ere animatu dira.

Iaz beste saltoki
Saltokiei dagokienez, iazko kopurua zehaztu du Kultura sailak, hau da, 60 stand inguru guztira. Eta postuotan denetarik ikusi, erosi eta dastatzeko aukera izango da: txokolateak, eztiak, gaztak, bitxiak eta zilarrarekin, narruarekin eta bestelako materialekin egindako eskulanak, besteak beste. Eta aurten ere saltzaile gehienak Arrasate eta Euskal Herrikoak izango dira.

Artilearen presentzia aurten
Berritasunik ere ez da faltako. Udaleko Kultura sailak aurreratu duenez, artileak presentzia berezia izango du. Hau da, artilea nola lantzen duten bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Lan horretan adituak diren moztaileak jardungo dute. Eta noski, artilezko produktuak ere erosi ahalko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak