A gripearen aurrean zela jokatu azaldu dute ospitaleko medikuek

Ubane Madera 2009ko urr. 7a, 12:52
Momentuz, Arrasateko ospitalean A gripearen susmoarekin ingresatutakoen artean bik izan dute gaixotasun hori, eta biak pertsona helduak izan dira. Datu hori jakinarazi zuten atzo (martitzena) Eskualdeko Ospitaleko ordezkariek A gripearen gainean eman zuten prentsaurrekoan.

Euskal Autonomia Erkidegoan A gripearekin lotuta dagoen proportzioa ere helarazi zuten: 100.000 bizilaguneko 123 kasu gertatzen dabiltza. Eta horrekin batera, jakinarazi zuten Osakidetzak telefono zenbaki bat jarri duela herritarren eskura, medikuarengana joan baino lehen, telefonoz kontsulta egiteko. Honako hauxe da zenbakia: 900 47 47 32.

Sintomak

Herritarrei laguntze aldera, A gripearen gaineko informazio orokorra ere helarazi zuten prentsaurrekoa eman zuten hiru medikuek, Ana Isabel Quinterok, Diagnostiko Unitateko arduradunak, Javier Zubizarretak, Arlo Medikoko arduradunak eta Carlos Canduelak, Pediatria Zerbitzuko arduradunak . Adibidez, gogora ekarri zuten A gripearen sintomak eta ohiko gripearenak antzerakoak direla: 38tik gorako kalentura, buruko mina, gaizkiegona, giharretako mina eta lau gaixotatik batek digestio arazoak. 

Ez kontagiatzeko

Kontagioa saihesteko aholkuak ere eman zituzten; azpimarratu zuten zuzenena dela eskuak sarri garbitzea ur eta xaboirekin edo alkohola duen garbigarriren batekin, bereziki, gaixoren batekin edo haren gauzekin kontaktuan egon bagara. Eta aditzera eman zuten ez dela demostratu A gripea kontagiatzen denik txerri okela jatearren eta ezta ere ondo eginda dauden jakiak jatearren. 

Astebete etxean

Norbera gaixo egonez gero, berriz, lehenengo eta behin etxean geratu beharra dago astebetean, eskuak sarri garbitu behar dira eta eztula egiteko musuzapiarekin estali behar dira sudurra eta ahoa, erabilera bakarreko musuzapiarekin. Musuzapirik ezean, besoaren barruko aldearekin estali beharra dago.

Umeei aspirinarik ez

Konplikazio bako A gripea izanez gero, ohiko gripeari aplikatzen zaion tratamendu bera aplikatzea gomendatu dute: hidratatu ondo, parazetamolak edo antiinflamatorioak hartu eta atsedenean egon. Gogora ekarri zuten umeek ez luketela aspirinarik hartu beharko Reye izeneko sindromea garatzeko arriskua dutelako.

Maskaratxorik egunero, ez

Bestalde, maskaratxoen gainean ere berba egin zuten; labur esanda, ez dute gomendatzen maskararik erabiltzea egunero. Gripearekin kutsatutako gaixoekin lanean dabiltzan medikuek bakarrik erabili beharko dituzte, eta ospitaleguneetan dauden gaixoek ere bai.

 

Zein bakunatu?

Eta besteak beste, A gripearen kontrako bakunari dagokionez, esan zuten Europear Batasunak gomendatu duela hiru pertsona motak hartzea bakuna hori: gaixotasun kronikoren bat duten sei hiletik gorakoek, haurdunek, osasun langileek eta gizartearendako ezinbestekoak diren zerbitzuetako langileek. Kanpoan utzi dituzte, adibidez, sei hilabete eta 14 urte arteko ume sanoak eta irakasleak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak