30 urte beteko ditu irailaren 19an Arrasateko yoga elkarteak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ira. 9a, 18:44
1980eko irailaren 19an sortu zuen Jose Luis Armendiak, beste lagun batzuekin batera, Arrasateko yoga elkartea. Beraz, datorren hilaren 19an urteurren berezia biziko du elkarteak eta ez dute data berezia oharkabean pasatzen utziko. Izan ere, hilaren 20tik 25era hitzaldi eta tailerrak antolatu dituzte Kulturaten eta elkartearen egoitzan -Altamira auzoan-, 'Osasun integrala eta bizitzaren kalitatea' izenburu izango duten jardunaldietan.

Batasuna da yogaren oinarrietako bat. Batasuna, gizaki moduan ditugun arlo guztietan: gorputza, burua, espiritua, emozioak eta sentimenduak. Batasun horrek zoriontasuna lortzen laguntzen omen du. Hala, yogak kanpora begira baino, norberarengan bilatzen du zoriontasuna.
Azalpenok askorendako ezezagunak izan daitezkeen arren, yoga, diziplina moduan, zer den ez dakien gutxi egongo da egun gure ibarrean. Duela 30 urte, baina, oso bestelakoa zen egoera. Orduan yoga inork gutxik ezagutzen zuen Arrasaten zein Debagoienean. Bada, gutxiengo horren artean aurkitzen zen Jose Luis Armendia arrasatearra. Izan ere, ondo ezagutzen zuen yoga Armendiak, Leonen egindako kanpamentu batean hasi zen mundu horretan. Eta dagoeneko beranduegi da bertatik irteteko.

Altamirako egoitzan 24 urte
Armendiak aurkikuntza 1980ko irailaren 19an inportatu zuen Arrasatera, beste lagun batzuekin batera. Hasierako taldea 12 lagunek osatzen zuten. Elkarte sortu berri gehienen antzera, egoitza lortzea izan zen Armendia eta konpainiaren lehen buruhaustea.
Hasieran Santa Teresa auzoan elkartzen ziren, haurtzaindegi batean. Gero, San Andres auzoan egin zituzten sei urte inguru 30 metro koadro inguru zituen lokal txiki batean. Eta, azkenik, Udalarekin akordio batera iritsi ostean, Altamira auzora egin zuten. Bertan 24 urte egin dituzte, eta elkarteak ez du ateak ixteko asmorik. Izan ere, urteak aurrera joan ahala, gero eta arrasatear gehiago hurbiltzen da elkartera. Egun 80 bazkide inguru dira.

Ospakizuna, hilaren 20tik 25era
30 urte beteko ditu, beraz, Arrasateko yoga elkarteak datorren irailaren 19an. Ospatuko duten laugarren urteurrena izango da: 10., 20. eta 25. urteurrenak ospatu izan dituzte. 
Hala, 30. urteurreneko ospakizunak hilaren 20tik 25era arte luzatuko dira eta hitzaldi eta tailerrak izango dira protagonista. Osasun integrala eta bizitzaren kalitatea izango dute izenburu jardunaldiek. Irailaren 24ra arte alde teorikoa jorratuko dute eta hilaren 25ean ikasitakoa praktikara eramateko aukera izango da. Edozeinek har dezake parte, edozein tailerretan. Batetik, Kulturaten hitzaldiak izango dira; bost hitzaldi eta guztiak 18:30ean hasita. Bestetik, tailer praktikoak egingo dituzte Altamirako egoitzan, zapatu goizean. Armendia izango da urteurren ekitaldion koordinatzailea, eta haren alboan izango dira Antonia Nogueiras, Rakel Ampuria, Jesus Romero, Carmen Sanchez eta Cristina Corbella. Yogarekin zerikusia duten espezializazio ezberdinetan adituak dira: besteak beste, pilates eta masajea, biodantza, sukaldaritza naturala, psikologia... 

Jose Luis Armendia > Yoga irakaslea

"Ofizialki erretiratu arren, laguntza ematen jarraituko dut"

30 urtez yoga elkarteko lehendakaria izan ostean lekukoa Antonia Nogueiras irakasleari utziko dio Jose Luis Armendiak (Arrasate, 1945). Gainera, bigarren liburua bidean duela jakinarazi digu.

Aurten hartuko duzu erretiroa. Edozelan ere, ziur elkarteari lotuta jarraitzeko asmoa duzula.
Ofizialki aurten erretiratuko naiz eta Antonia Nogueirasek hartuko du nire lekua. Hala ere, ahal dudan heinean laguntzeko asmoa daukat, baina eginbehar ofizialak ez ditut nik gauzatuko.

Yoga aulkian liburua kaleratu zenuen iazko azaroan. Beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Bai. Beste liburu bat ateratzeko asmoz nabil. Hain zuzen ere, urteurren ospakizunetan Kulturaten emango dudan Buru-kontrola eta meditazioa hitzaldia [hilaren 23an, 18:30ean] izango du ardatz liburu berriak. Hau da, hitzaldia liburu berriaren aurrerapena dela esan daiteke.

Bigarren liburua kalean noiz izango den aurrera zenezake?
Liburuak ez du data zehatzik, baina espero dut datorren urte hasieran argitaratzera bidaltzea. Izan ere, Yoga aulkian atera aurretik, nire lehen liburua zenez, arazotxo batzuk izan nituen formatu aldetik akatsak zituelako. Akatsok zuzentzen hilabete inguru galdu nuen. Hala, espero dut bigarren aldian guztia azkarrago joango dela.
Gainera, lehen liburuko marrazkiak egiteko bi laguntzaile izan nituen eta euren atzetik ibili beharra denbora galtzea suposatu zidan. Orain, marrazkiak nik neuk egingo ditut, ez dira oso zailak-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak